Bihar (asteartea) Mobi Bike Eguna ospatuko dute. Aspanogi Gipuzkoako Haur Minbizidunen Gurasoen Elkarteak antolatutako ekimenetariko bat da. Elkarteak urteak daramatza gaixorik dauden haurrei eta haien gurasoei babesa eta laguntza eskaintzen. Horretarako, askotariko zerbitzuak eskaini eta ekimenak antolatzen ditu; Mobi Bike Eguna, kasu. Alberto Gonzalez zarauztarra da elkarteko idazkaria, eta bere jardunaren inguruan hitz egin du Urola Kostako Hitza-rekin.
Zergatik sortu zenuten Aspanogi elkartea?
Gaixo zeuden seme-alabak ez zituztela hezten ikusi zuten gurasoek bere garaian. Formakuntza aldetik galera handia zegoelako sortu genuen elkartea.
Arlo horri dagokionean erakundeek hutsunea dutela uste al duzu?
Bai, hori da. Gure ustez, gizartean, oro har, hutsune handia dago gai horri dagokionez. Instituzioek ez dute zerbitzu berezirik gaixo daudenei babesa eskaintzeko, edo, gutxienez, beharrezko informazioa helarazteko. Hutsune hori betetzeko sortu genuen Aspanogi, 1996an, Gipuzkoako hiruzpalau familia bildu ziren horri aurre egite aldera. Gerora, elkartea sortzea erabaki zuten, eta, pixkanaka-pixkanaka, topatutako hutsuneei erantzuna ematen joan gara.
Urtetik urtera bazkide gehiago elkartzen al zaizkizue?
Bai. Egun 115 familiak osatzen dugu elkartea, baina zoritxarrez urtez urte areagotuz doa kopuru hori. Izan ere, urteko 11-17 kasu berri izaten dira. Normalean, gurasoak galduta egoten dira, egoera berria baita haientzat. Ez dute sinesten; hori izaten dute lehenengo senimentua. Informazio falta handia dagoela konturatzen dira gero. Izan ere, ondoan egokitu arte, inoiz ez dira arduratu halako kontuez. Orduan, Interneten-eta informazio bila hasten dira. Hori dela eta, informazio eta aholkularitza zerbitzuak eskaintzen dizkiegu hasiberriei.
Horrez gain, beste zein zerbitzu eskaintzen ditu Aspanogik?
Normalean, minbizia duten haurrentzat ospitaletako egonaldiak oso luzeak izaten dira. Denbora askoan egon behar izaten dute ospitalean, gela isolatuetan. Ildo horretatik, egonaldia atseginagoa izan dadin, Internet eta telebista doan jartzen diegu. Hala, haurrek gizartearekin duten lotura bermatzen dugu, eguneratuta egoteko aukera ematen diegu.
Era berean, psikologia zerbitzuak eskaintzen ditugu, batez ere gurasoentzat. Haurrak azken finean ez dira gehiegi konturatzen egoeraz. Horretarako bi langile ditugu. Berez ospitaleak eskaini beharko lukeen zerbitzua da, baina ez duenez egiten, guk eskaintzen dugu horretarako aukera. Ildo horretatik, langileek gaixoen gurasoak aztertzen dituzte; galderak egiten dizkiete, euren egoera nolakoa den jakiteko. Zentzu horretan, neurri batean tranpa egiten dugu, batzuk ez dutelako euren kabuz laguntza behar dutela aitortzen. Barrena askatzeko beharra dutela ikusten badugu, gizarte laguntzaileari gurasoak ospitalean zein ordutan egongo diren jakinarazten diogu, eta bakarrik uzten ditugu, hitz egin dezaten. Asko euren baitan gordetzen dira, eta lagundu egin behar zaie lasaitzen.
Bestalde, txandak egiten ditugu ospitalean dauden haurren gurasoek atseden har dezaten. Horri lotuta, ospitaleko kafetegiko langileekin tratua egin dugu, gurasoek behar duten guztia gelara eraman diezaien. Izan ere, asko eta asko ahaztu egiten dira bazkaltzeaz edo afaltzeaz; buruan haurraren ondoan egon behar dutela besterik ez dute. Horrek behintzat egonaldia arintzen diete.
Horrez gain, haurrekin zenbait irteera egiten dugu. Urtean behin, esaterako, EAJk utzitako baserri batera joaten gara, egun batzuk pasatzera. Bestalde, ospitalean festak egiten ditugu, eta Gabonetan postal lehiaketa ere antolatzen dugu. Materiala ere lortzen saiatzen gara, beharraren arabera. Mobi Bike bezalako ekimen handiak antolatzen saiatzen gara urtero, herritarrak sentsibilizatze aldera.
Herritarrak sentsibilizatu beharra dago, beraz.
Bai, jendeak askotan ez du ulertzen nola antolatzen ditugun halako ekitaldiak barrez eta giro onean. Jendea nahastu egiten du horrek. Gure asmoa festa handiak prestatzea da, haurrek ongi pasa eta goza dezaten. Pena emateak ez baitu zentzurik; ez du ezertarako balio. Mobi Biken lehenengo urtean, esaterako, bertso saioa antolatu genuen. Eta, noski, gaia ez da bertsoak ateratzeko modukoa, guztiek negarrez bukatzuko baitzuten. Hori dela eta, gidari lanetan jardun zezatenWazemank-eko kideak gonbideatu genituen. Hala, bertsolariek bertso hunkigarriak botatzen zituzten, eta umoristek txantxak eta txisteak egiten zituzten, egoera alaitzeko.
Asmoa haurrei irribarrea ateratzea da. Horrek ez du esan nahi errealitatea ahazten dugunik. Horretarako, globoen eta beste hainbat objekturen bitartez gaixotasunaren inguruko mezuak idazten ditugu, jendeak kontzientzia har dezan.
Halako ekitaldietan aurpegi ezagunen presentzia izateak asko lagunduko du, ezta?
Bai, jende asko erakartzen dute. Kuriosoa da, baina Mobi Bike Egunaren istorio hau Markel Irizar txirrindularia gaixo zegoela jakin genuenean hasi zen. Horren aurrean zerbait egin behar genuela esan genuen, eta bizikleta lasterketa bat antolatzea erabaki genuen. Markelek maillot batzuk lortuko zituela esan zigun, geure haurren artean zozketatzeko. Hori aprobetxatuz, Euskaltel Euskadi taldeko txirrindulariei ere etortzeko eskatu genien.
Gerora, Porrotx pailazoari gure ideiaren berri eman genion, eta honek bere talde Katxiporretari esan zion. Hala, guztiak batu zitzaizkigun. Tonto-tonto hasitakoa azkenean ekitaldi polita bilakatu da, urtez urte errepikatzen duguna. Eta eskertzekoa da; parte-hartzearen bidez dirua lortzen dugulako. Pailazoek emanaldiagatik irabazitakoa, esaterako, elkarteari ematen diote, oso-osorik. Halakoei esker egiten dugu aurrera, bestela eramanezina izango litzateke. Izan ere, eguna gaizki irteten bazaigu dirua galtzen dugu.
Mobi Bikez gain, bestelako ekitaldi handietan parte hartzen al
duzue?
Bai, Zarauzko ekitaldian parte hartzeaz gain, Ordiziako azokan postua jartzen dugu, eta pintxoak saldu eta informazioa banatzen diegu gerturatzen diren guztiei. Bestalde, santotomasetan ere parte hartzen saiatzen gara, postua egokitzen bazaigu, behinik behin.
