Zarauzko Amaiur koalizoak agerraldia egin du gaur eguerdian Itsasmendiko egurrezko zubi txikian, azaroaren 20an izango diren hauteskunde orokorrerako koalizioaren oinarriak zeintzuk diren herritarrei azaltzeko. Eraiki zubiak da Amaiurren leloa, eta zubian bertan elkartu dira Zarauzko ezker abertzaleko, Aralar, Alternatiba eta Eusko Alkartasunako ordezkariak, eta Irati Altzibar (ezker abertzalea), Andoni Ibarguren (Aralar) eta Mikel Goenaga (EA) hirukoteren eskuik, Amaiur koalizioaren manifestua irakurri dute.
Amaiurren joko-esparru naturala Euskal Herria da, eta Madrilera “herri gisa dagozkigun eskubideak exijitzera goazela sinetsita” aurre egingo diote beren kudeaketa politikoari. Normalizazio politikoa lortzeko bidean,”aldaketa politiko eta sozial honetatik aterako den Euskal Herri berri bat eraiki ahal izateko tresna” osatzeko asmoarekin aurkeztu da koalizioa. Testuinguru honetan, “indar soberanista ezberdinen arteko metaketa babes soziala irabazten ari da eta aldaketaren motorea bihurtu behar da”.
Horregatik, lau konpromiso hartu dituzte. Lehen konpromisoa Euskal Herriarekiko eta euskal gizartearekiko da: “Amaiur Euskal Herriaren bozgorailua izango da Kongresuan eta Senatuan, eta nazio gisa dituen eskubideen aldarrikapena egingo du; euskal herritarren ahotsa izango da”. Euskal Herriak Espainiako eta Frantziako estatuekin daukan gatazka politikoa modu demokratikoan gainditzeko konpromisoa da bigarren konpromisoa: “Euskal gizarteak daukan indar guztiarekin joango gara Madrilera, Estatuari esateko bake eta normalizazio politikoaren eszenatokia ekarriko duen elkarrizketa eta negoziazio prozesuan inplikatu beharra daukala. Ibilbide horretan, Gernikako Akordioa izango da gure bide-orria, eta bere edukiak sustatuko ditugu, bere osotasunean bete arte”.
Hirugarren konpromisoak Euskal Herriari eta bere eskubide nazionalei egiten die erreferentzia, eta hori izango da Kongresuan eta Senatuan garatuko duten kudeaketa politikoaren ipar-orratza: “Euskal Herriak erabateko soberania izatea behar du, herritarrek nahi duten herri eta gizarte eredua erabaki dezaten eta, gainera, horretarako baldintzak izan daitezen. Era horretara, gure soberania politiko, ekonomiko, sozial, kultural, ekologiko eta linguistikoaren defentsa tinkoa egingo dugu”.
Euskal gizartearen aurrean gizarte eredu berri bat da Amaiurren laugarren konpromisoa. Bertan, besteak beste, Lan Harremanen eta Babes Sozialen Euskal Esparruaren aldarrikapena egiten dute, hizkuntz eta kultur eskubideen alde defentsa eta pertsona guztien arteko berdintasun erreala bilatzeko nahia.
