Aiako Udalak 36ko Gerran fusilatu zituzten aiarrak eta, batik bat, garaiko alkate Gabino Alustiza omendu ditu eguerdian, udaletxeko areto nagusian. Igor Iturain alkateak udal adierazpena irakurri zuen lehenik eta behin. Adierazpenaren bitartez, Aiako Udalak 1936ko uztailaren 18an osatutako legezko Udal Korporazio Errepublikarraren aurkako Estatu Kolpea gaitzesten du. Hala, fusilatutako herritarren familiei eta gertukoei "gure besarkadarik sentikorrena" helarazi nahi izan die, "75 urte beranduago bada ere".
Omenaldian, garai hartako Aiako alkate Gabino Alustizari aipamen berezia egin nahi izan diote. Izan ere, bere izaera abertzalea epaituz Hernaniko hilerrian fusilatu zuten 1936ko urriaren 27an. Alustizaren oroimenez, Iñaki Iturainek gertakari historikoaren nondik norakoak kontatu ditu, Eduardo Baranzano gitarristaren laguntzarekin, eta, ondoren, Mikel Markezek abesti bat jo du. Bien bitartean, Udaleko alkate aulkia hutsik utzi dute, mahai gainean aginte makila eta lore bat utziz, Alustizaren omenez.
Biktimak gogoratu nahian, hainbat senide eta herritar bildu da ekitaldi hunkigarrian. Horien artean, alkate ohiaren hiru alabak. Horietako batek, Milagros Alustizak, Igor Iturain alkatearen laguntzaz, Gabino Alustiza oroitzeko udalbatzar aretoko horman jarri duten plaka inauguratu zuen, estaltzen zuen Ikurriña kenduz.
Bukatzeko, Aranzadi elkartearekin hartu-ematen hasi direla azaldu du Iturainek, garai hartako dokumentazioak berreskuratze aldera. Hala, herritarren kolaborazioa eskatu du, argazkiak edo dokumentu grafikoak lortu eta Aranzadikoei pasatzeko. Baita testigantzak ere.