Zarauzko Gesto por la Paz-ek deituta elkarretaratze “ez isila” egin dute gaur eguerdian, Lege Zaharren enparantzan, Bakea da bidea lelopean. ETAk jarduera armatua utzi duela eta, hainbat lagun kalera atera da “demokraziaren arrakasta” ospatzera eta, era berean, ETAk hildakoak gogoratzera. Gesto por la Paz-en esanetan, ospakizuna “biktimen errekonozimendua eta omenaldia” izan da. Oraindik lan asko egiteko dagoen arren, “mehatxuen eta inposaketen aurren aske garela ospatu dezakegu”. Herritarrekin batera, besteak beste, Zarauzko PSE-EE alderdiko kideek –tartean Patxi Elola zinegotziak–, Zarauzko EAJko kide Imanol Lasa eta Joakin Landak, Gorka Landaburu kazetariak eta Iñaki Bidegain idazleak hartu dute parte ekitaldian.
