Etxe hutsa zer den definitzeko eskatuko dio Udalak Aldundiari

Zarauzko Hitza 2011ko urriaren 28a

Zer da etxe huts bat? Nola jakin daiteke etxe bat modu iraunkorrean (beti) ala aldi batean soilik dagoen hutsik? Hainbat irizpide hartu behar da kontuan etxe bat zenbat erabiltzen duten neurtzeko. Hori dela eta, Zarauzko Udalak etxe hutsa zer den definitzeko eskatuko dio Gipuzkoako Foru Aldundiari. Aralar-EBk mozio bidez egin zuen eskakizuna, herenegungo osoko bilkuran. Aho batez onartu zuen Udalbatzak Aldundiari etxe hutsen zerrenda definitua zehazteko eskaera egitea. Etxe hutsen araudia «oraindik osatu gabe» dagoela adierazi zuen Aralar-EB taldeko bozeramaile Andoni Ibargurenek, eta hori «arrazoi politikoengatik» gertatu dela: «Behin eta berriz esan dute arrazoi teknikoengatik ezinezkoa dela araudia egitea, baina gure inguruko herrialdeetan—Frantzian, Erresuma Batuan, Danimarkan eta Herbehereetan, besteak beste—etxe hutsen jabeei zerga zigorra ezartzen zaie. Bestalde, aldundietako arduradunei aurkeztu ere aurkeztu zaizkie araudia egiteko eredu bideragarriak. Horregatik ondoriozta daiteke jokabide horren atzean arrazoi politikoak daudela, eta ez teknikoak». Arrazoiak arrazoi, Aldundiak etxe hutsen zerrenda definituz gero, etxe hutsen jabeei OHZ Ondasun Higiezinen gaineko Zergaren %150 gainordaina aplikatzea planteatuko du Udalak. «Konpondu gabeko arazo honi irtenbidea ematea inoiz baino beharrezkoagoa dela uste dugu. Hori dela eta, etxebizitza hutsak mobilizatzeko politika eraginkorrak hartu behar dira, eta, horretarako, jabeei zerga zigorrak aplikatu behar zaizkie», esan zuen Ibargurenek. Haren esanetan, «etxe bizitzen jabeei [...]

Zer da etxe huts bat? Nola jakin daiteke etxe bat modu iraunkorrean (beti) ala aldi batean soilik dagoen hutsik? Hainbat irizpide hartu behar da kontuan etxe bat zenbat erabiltzen duten neurtzeko. Hori dela eta, Zarauzko Udalak etxe hutsa zer den definitzeko eskatuko dio Gipuzkoako Foru Aldundiari. Aralar-EBk mozio bidez egin zuen eskakizuna, herenegungo osoko bilkuran. Aho batez onartu zuen Udalbatzak Aldundiari etxe hutsen zerrenda definitua zehazteko eskaera egitea.
Etxe hutsen araudia «oraindik osatu gabe» dagoela adierazi zuen Aralar-EB taldeko bozeramaile Andoni Ibargurenek, eta hori «arrazoi politikoengatik» gertatu dela: «Behin eta berriz esan dute arrazoi teknikoengatik ezinezkoa dela araudia egitea, baina gure inguruko herrialdeetan—Frantzian, Erresuma Batuan, Danimarkan eta Herbehereetan, besteak beste—etxe hutsen jabeei zerga zigorra ezartzen zaie. Bestalde, aldundietako arduradunei aurkeztu ere aurkeztu zaizkie araudia egiteko eredu bideragarriak. Horregatik ondoriozta daiteke jokabide horren atzean arrazoi politikoak daudela, eta ez teknikoak».
Arrazoiak arrazoi, Aldundiak etxe hutsen zerrenda definituz gero, etxe hutsen jabeei OHZ Ondasun Higiezinen gaineko Zergaren %150 gainordaina aplikatzea planteatuko du Udalak. «Konpondu gabeko arazo honi irtenbidea ematea inoiz baino beharrezkoagoa dela uste dugu. Hori dela eta, etxebizitza hutsak mobilizatzeko politika eraginkorrak hartu behar dira, eta, horretarako, jabeei zerga zigorrak aplikatu behar zaizkie», esan zuen Ibargurenek. Haren esanetan, «etxe bizitzen jabeei zerga altuagoa ordainaraziz lor daiteke etxe huts horiek merkaturatzea».
Injustizia soziala
«Herritarrek, alderdi politikoek, sindikatuek eta erakunde publikoek urteak daramatzate etxebizitza hutsak mobilizatzeko neurri eske. Injustizia sozial nabarmena da milaka etxebizitza inolako erabilera eta erabilgarritasun sozialik gabe dauden bitartean, milaka pertsonak etxebizitza duina eskuratu ezin izatea», nabarmendu zuen Aralar-EBko bozeramaileak herenegungo plenoan.
Era berean, lurzoru berriak eraikuntzarako erabiltzea «astakeria ekologikoa eta ekonomikoa» dela gehitu zuen: «Lehendik eraikitako ondarea ahalik eta gehien aprobetxatu gabe eraikitzen jarraitzea astakeria da».
Muga beharra
Bat egin zuen Bilduk Ibargurenekin. «Etxebizitza bermatu behar den eskubidea da; ez da politika egiteko gaia. Azken hamarkadan, ordea, espekulazioaren aldeko politikak izugarrizko burbuila sorrarazi du, eta azkenean lehertu egin da, egun ezagutzen dugun krisia eragiteraino. Baina urte hauetan faktore bat baztertu da; etxe hutsena, hain zuzen», adierazi zuen Bilduko kide eta ogasun eta hirigintza zinegotzi Iñaki Eizagirrek. Hori dela eta, eraikin berriak egiteko lurzorua okupatzea «erokeria» dela esan zuen zinegotziak.
Ildo horretatik, «eraikuntza hedapen horri mugak jarri» behar zaizkiola nabarmendu zuen: «Ezin da eraikitzen jarraitu. Talaimendin etxeak egiten hasi dira, Astin ere ateak ireki dituzte eraiki ahal izateko… Erokeria handia da hori». Ondorioz, eraikitakoa «ahalik eta gehien» aprobetxatu behar dela gaineratu zuen: «Horregatik, etxebizitza hutsak tipifikatzeko eskatu behar zaio Gipuzkoako Foru Aldundiari».
Horrez gain, «kontzientziazioa bultzatu» behar dela aipatu zuen: «Europan, esaterako, administrazioek etxe hutsen auzian eskua sartu izan dute. Hego Euskal Herrian, berriz, ez da halakorik gertatu azken urteotan. Espekulazioaren morroi izan dira instituzioak».
Bestalde, Zarautz Lur erakundea «eraldatu» egin behar
dela gehitu zuen Eizagirrek,«pelotazoak eman beharrean, kudeaketa gardenagoa egin dezan, herritarren onurarako».
Merkatura bai, ordainduta
Etxe hutsak identifikatze aldera, «erremintak» jarri behar direla adierazi zuen PSE-EE udal taldeko bozeramaile Patxi Elolak: «Ez da erraza, baina Aldundiari horren alde lan egiteko eskatu behar zaio». Hala, Aldundiak 2012rako zerrenda presta dezan eskatzea proposatu zuen. «Koherentziaz eta elkartasunez jokatu behar da gai honen inguruan», gehitu zuen.
«Etxebizitza hutsak merkaturatzearekin ados gaude, etxe hutsak okupatzearen alde gaude», esan zuen EAJko bozeramaile Imanol Lasak. Merkaturatze hori, ordea, «ordainduta» egin behar dela nabarmendu zuen: «Etxeok okupatuko dituztenek ordaindu egin beharko dute».

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide