Nagore Izagirrek (Hernani, 1976) eskarmentua du kazetaritzan. Zazpi urtez Gara-n lanean aritu ostean, estresa zela-eta, lanbideaalde batera uztea erabaki zuen. Udan, ordea, Artzape-n lanean hastea proposatu zioten aldizkariko langile ohiek. Kazetaritzaren harra berpiztu zitzaion, orduan. Hala, animatu, eta hilero-hilero ohiko Artzape argitaratzeko erronka hartu zuen bizkar gainean. Hasiera «nahiko zaila» izan den arren, animoso jarraitzen du hernaniarrak.
Nolatan iritsi zara Artzape-ra? Zergatik?
Udan diseinatzaileak eta kazetariak Artzape utziko zutela jakinarazi zidaten. Izan ere, bakoitzak bere lana zeukan, eta Artzape-n egiten dena aparteko lana da; nolabait hobby gisa egiten duzuna. Hala, hasiera batean ezetz pentsatu nuen. Haur baten ama naiz, neure lana dut Basaurin…Baina, gerora, tentatu egin ninduen berriz ere idazten hasteak. Zazpi urtez jardun nuen Gara-n lanean, eta kazetaritzak erre egiten du. Hala ere, proposamena egin zidatenean idazteko harra esnatu zitzaidan. Probatu egin nahi nuen ezetz esan aurretik. Irailean hasi nintzen, eta momentuz hala jarraitzeko asmoa dut, ilusioa.
Nolakoa izan da hasierako fasea?
Egia esan, nahiko kaotikoa. Ordenagailu eramangarri bat behar nuen, eta berandu iritsi zen. Bestalde, denbora gutxi ateratzen dut Artzape-ren egoitzara etortzeko. Nahiko estresantea izan da. Horregatik, behin baino gehiagotan pentsatu izan dut Non sartunaiz ni?
Baina hasierako fase hori gainditu dugu, eta urria nahiko lasaia izaten ari da. Dagoeneko ordenagailua eskuartean daukat, eta tartea ateratzen dudanean idazten dut, nire etxetik edota lanerako bidean. Libre ditudan orduei probetxu izugarria ateratzen diet.
Eta aurrerantzean, zein egitura izango du aldizkariak? Lehengokoaren bidetik jarraituko al du?
Bai, antzeko formatuari eutsiko diogu. Hala, zenbaki bakoitzak elkarrizketa eta erreportaje bana izango du, albistetxo batzuk eta Akordatzen? saila. Getariako historia eta argazki zaharrak biltzen ditu sail horrek. Nik egingo ditut horiek. Horrez gain, kolaboratzaileak ditugu, eta musutruk egiten dute lan.
Aurrera begira ikusiko dugu berrikuntzarik egin ala ez. Baina, noski, horretarako ere denbora hartu behar da. Momentuz, modu berean jarraituko dugu lanean.
Getarian bizi zara duela bost urtetik. Aurrez ezagutzen zenuen, beraz, argitalpena.
Bai, ezagutzen nuen. Azken denboraldian ez zitzaidan iristen etxera; izan ere, Artzape herri guztian banatzeari utzi zioten, Eusko Jaurlaritzaren laguntzak jaitsi zirela-eta. Bazkideei soilik banatzen zieten azken aldian.
Arazoak izan ditu Artzape-k, laguntza faltagatik. Zein egoeratan dago egun?
Orokorrean, Jaurlaritzak laguntza oro murriztu egin ditu. Eta horrek ere eragin dio Artzape-ri. Lehen uste dut 6.000 euro inguru ematen ziola; egun, berriz, 2.000 euro soilik. Ohiko laguntzaren erdia baino gutxiago ematen digu orain, beraz.
Bestalde, Getariako Udalak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak ere laguntzen gaituzte. Bi erakundeok dagoeneko egin dute diru sarrera. Aldundiarena itxaroten ari gara. Izan ere, momentu honetan zorrak ditugu. Artzape-ren azken zenbakiak ordaindu gabe atera dizkigu Gertu imprentak, eta laguntza jaso bezain pronto ordainduko geniola agindu genion.
Horrez gain, ordenagailua eta zenbait faktura ordaintzeke ditugu, baita langileen udako soldatak ere. Soldatak, egia esan, ez dira oso altuak, gehigarria dira; ezin duzu lanpostu horretatik bizi. Guri ere, auskalo noiz iritsiko zaigun gure soldatatxoa. Momentuz zorrak kitatzea da gure lehentasuna.
Laguntzez gain, herri komunikabide batek zailtasunak al ditu bizirauteko?
Hedabideek, orokorrean, zailtasun handiak dituzte krisi garai honetan. Herri komunikabideek are eta gehiago. Diru-laguntzak geroeta murritzagoak dira, baina herri komunikabide batek badu, horrez gain, gainditu beharreko beste oztopo bat. Zaila da norbaitek jarraipena ematea. Artzape-k, esaterako, atzean ez dauka sostengatuko duen kultur edota euskara elkarteren bat; ez du argitalpena indartuko duen oinarrizko talde bat atzean. Duela hamar urte bi pertsonek aldizkari bat ateratzea erabak,i eta Udalari proposatu zioten. Eta hala hasi zen Artzape-ren istoria. Hamar urteotan eskuz esku pasatzen joan da, eta lehengo langileei aldizkaria desagertzeak pena ematen dietelako mantentzen da. Eta guk uzten badugu, jarraituko duen besteren bat aurkitzea zaila izango dela deritzot.
