Elkano auzoan elkartea eta pilotalekua egiteko prozesua hasi du Udalak

Urola Kostako Hitza 2011ko urriaren 26a

Aiako Udalak Elkano auzoan pilotalekua eta elkartea egiteko proiektua jarri du abian, bertako auzotarrek hainbat urtetan hala eskatu ondoren. Proiektua oraindik hasierako tramitazioetan badago ere, eskaera dagoeneko bideratzen hasita daudela jakinarazi du Igor Iturain Aiako alkateak. Hasiera batean, pilotalekuaren eta elkartearen proiektua auzoko urbanizazio planarekin batera aztertzen hasi zirela adierazi du Iturainek. Baina momentuz etxebizitza plana gelditu egin dutela jakinarazi du. Hala, pilotalekuaren eta eta elkartearen proiektuari soilik eutsiko diote orain, Iturainen esanetan. Epak errespetatuz gero, pilotalekua eta txokoa 2013. urteko otsailerako amaituta izango direla aurreikusi du Iturainek. Hala ere, bi azpiegitura horiek sortzeko lehendabizi Plan Berezia egin behar da. Dagoeneko horretan hasita daudela jakinarazi du Iturainek, eta Gipuzkoako Foru Aldundiko Ingurumen Sailarekin harremanetan jarri direla gaineratu du, balditzak zehazten hasteko. Onurak auzoan Behin Plan Berezia eginda, exekuzio planari ekingo dio Aiako Udalak, eta, azkenik, pilotalekua eta elkartea egiten hasiko da. Bide horretatik, Plan Bereziaren dokumentua Aiako udalbatzak abendua inguruan onartuko duela espero du Iturainek. Pilotalekuaren eta elkartearen xehetasunak oraindik zehaztu gabe badaude ere, Iturainek aurreratu du, hasiera batean, Aiako Urdaneta auzoan daudenen «antzekoak» izango dira Elkanokoak. Hau da, Elkanoko pilotalekuak gutxi gora behera 26 metroko luzera eta zortzi metroko zabalera izango duela adierazi du. Elkarteari dagokinez, berriz, hogeita hamabi lagun ingururentzat prestatuko dute txokoa, sukaldearekin eta ohiko beste azpiegiturekin. Dena den, elkartearen funtzionamenduari dagokionean Udalak ez du erabakirik hartuko. Hala jakinarazi du Iturainek. Elkarteak eta pilotalekuak «hainbat onura» ekarriko duela uste du Udalak. Izan ere, elkartearen bidez auzotarren arteko «harremanak sendotuko» direlakoan da, besteak beste. Halaber, pilotaleku berriak auzoan bestelako giroa sor dezakeela gaineratu du alkateak, eta festatarako eta haurrentzako «aproposa» izango dela gaineratu du. Auzotarrekin bilerak Elkanoko biztanleek sarritan eskatu dute auzoan gisa horretako guneak egiteko. Azken hilabeteetan bilerak egin ditu Udalak Elkanoko auzotarrekin, eta udal ordezkariek proiektuaren nondik norakoa azaldu diete.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide