Ertzaintzak jakitera eman duenez, atzo goizaldean (asteartea) adin txikiko bat atxilotu zuten ertzainek, ustez auto bat lapurtzeagatik Aian. Zarautzen atxilotu zuten 17 urteko gazte bat, Aian lapurtutako furgoneta bat gidatzen ari zenean. Goizeko ordubatak hogei gutxiagoan deitu zieten ertzainei herritar batzuek, gazte batek Peugeot Partner markako furgoneta bat lapurtu berri zuela salatzeko. Minutu batzuk geroago Orioko gainean atzeman zuten ibilgailua, eta pertsekuzio baten ondoren, gaztea Zarauzko autobidearen sarreran atxilotzea lortu zuten. Lapurreta delituaz gain, trafikoaren segurtasunaren kontrako delitua ere leporatzen diote, ibilgailuak gidatzeko baimenik ez izateagatik.