
Hiru hamarkada bete ditu Xabier Lizardi Sariak. Literaturgintzan ibilbide luzea duen lehiaketa da, klasiko bat euskal letren unibertsoan, baita aitzindarietako bat ere. 1982tik inolako etenik gabe antolatu dute, eta urte hauetan guztietan euskal idazle entzutetsuen erakuslehio bihurtu da;besteak beste, Bernardo Atxaga, Castillo Suarez, Xabier Mendiguren, Ruben Ruiz, Imanol Azkue, Mariasun Landa eta Pello Esnalek eskuratu dute sari hau.
Lizardi Saria, gainera, genero jakin batean egon da bereizituta hasiera-hasieratik; ipuingintzan, hain zuzen ere. Haurrei eta gaztetxoei zuzendutako ipuinen ekoizpena bultzatzea du helburu. Ildo horri jarraiki, Zarauzko Udalak, Euskara Biziberritzeko Plan Nagusiaren barruan, XXX. aldiz antolatu du Lizardiren oroimenezko lehiaketa. Hala, parte hartu nahi dutenentzako oinarriak eman ditu argitara.
Bete beharreko baldintzak
Haurrei eta gaztetxoei zuzendutako literatura oinarri badu ere, helduentzako lehiaketa da honako hau. Beraz, 18 urtetik gorako egileek izango dute sariketan parte hartzeko aukera. Era berean, ondorengo baldintzak bete behar dituzte aurkeztutako ipuinek: jatorriz euskaraz idatzita egotea; originalak, argitaragabeak eta beste inolako lehiaketetan saritu gabeak izatea; eta lana aurkeztu ondoren, partaideak ezingo du bere lana jaso, ezta lehiaketari uko egin ere. Ipuinaren gaia librea izango da, idazle bakoitzak nahi duenari buruz idazteko aukera izango baitu, eta partaide bakoitzak lan bat edo gehiago aurkeztu ahal izango du. Lanen gutxieneko luzera, berriz, 24.000 karakterekoa izango da.
Ipuinak aurkezteko epea abenduaren 2an amaituko da. Makinaz idatziak egon beharko dute, DIN A-4 neurriko orrietan, lerro artean tarte bikoitza utzita. Idazlan bakoitzaren bi ale bidali beharko dira posta arruntez, ongi josiak, zenbakituak eta izengoitiz sinatuak Zarauzko Udalera (Zarauzko Udala – Euskara Zerbitzua – Kale Nagusia 29), eta, betiere, Xabier Lizardi Literatur Sarirako dela adieraziz. Horrekin batera, aparteko gutun-azal itxi baten barruan parte-hartzailearen datu jakingarriak jarri beharko dira: izengoitia, izen-abizenak, helbidea eta telefonoa. Iaz, esaterako, hamaika lan aurkeztu zituzten lehiaketara.
Epaimahaia eta epaia
Irabazlearen izena 2012ko urtarrilean emango dute jakitera, eta ipuin sarituaren argitalpena sari banaketa ekitaldian kaleratuko dute; 2012ko apirilean, alegia. Epaimahaia ondorengo idazle talde honek osatuko du: Jesus Mari Olaizola Txiliku-k, Miren Agur Meabek, Iñaki Frierak eta iazko Lizardi Sariko garaile Arrate Egañak. Azken honek Giltza izeneko lanarekin jaso zuen saria.
Sariketan 3.700 euro sari bakar bat emango dute, baina epaimahaikideek egoki ikusten badute, aipamen bat edo gehiago egin dezake, beste lan batzuen bikaintasuna adierazteko. Lanek behar adina mailarik ez balute, saria eman gabe gera liteke. Edonola ere, saritu gabeko lanak itzuli egingo dituzte.
Zarauzko Udalak bere ordezkaria izango du epaimahaian, eta idazkaria ere izendatuko du. Udal ordezkari hori izango da epaimahaiburua, eta bera arduratuko da gaiak bideratzeaz. Lan-teknikoari dagokionez, berriz, epaimahaikide adituek izango dute erabakitzeko ahalmena.
Ohiko argitalpenaz gain, beste 2.400 ale kaleratuko ditu Zarauzko Udalak, herriko ikastetxeetako ikasleen artean banatzeko.㐳