Urola Kostako biodibertsitatearen egoera aztertuko dute Zarauzko eskoletako ikasleek 2011-2012 ikasturtean, Agenda21 programaren baitan. Natura ingurunea ezagutzea eta balioan jartzea da helburu nagusia, hura zaintzeko eta babesteko beharrezko neurriak hartzeko. Ikasturtearen lehen erdian bilketa-lana egingo dute, eta aurrerago, Udal ordezkariei aurkeztuko dizkiete jasotako emaitzak.
Zarauzko eskoletako ikasleek garapen iraunkorra lortzeko bidean 10 urte daramatzate hainbat ekintza eta azterketa egiten. Urtero gai jakin bat lantzen dute, garapen jasangarria, mugikortasuna, kontsumo arduratsua, zarata, ura, energia eta biodibertsitatea, besteak beste. Aurten, iazko gai bera landuko dute: biodibertsitatea. Izan ere, iazko ikasturtean biodibertsitatearen inguruan egiteko asko dagoela ondorioztatu zuten. Hori dela eta, aurten ere gaia jorratzea erabaki dute programaren arduradunek.
Ikasturteko lehen fase gisa, eskualdeko biodibertsitatearen egoeraren diagnostiko bat egiteko datu-bilketa egingo dute ikasleek. Jasotako datu horiekin gorpuztuko dituzte ikasturtea amaitzean udaletako alkateei aurkeztuko dizkieten proposamenak. Modu horretan, ekimen honen beste balore handi bat landuko dute ikasleek: herritarren partaidetza.
Bestalde, berrikuntza moduan, zentroetako irakasleek programako jarduerak egiteko formazioa jasoko dute,pasa den ikasturteko ondorioetako bat izan baitzen behar hori. Urrian zehar Agenda21eko ariketak eta jarduerak osatzeko, irakasleentzat propio prestatutako irteerak egingo dituzte Zarauzko iraskasleek, Getariako, Orioko, Zarauzko, Zestoako eta Zumaiako irakasleekin batera.