Bildu, EAJ eta Aralar-EBren adierazpena, zarauztarrei

Urola Kostako Hitza 2011ko urriaren 21a

ETAk borroka armatua uztea erabaki ostean, adierazpen bateratua egin dute Zarauzko Bilduk, EAJk eta Aralar-EBk, duela minutu gutxi. Hona hemen, puntuz puntu, zarauztarrei adierazitakoa: 1. Zarautz asko sufritu duen herria izan da. Horregatik, egun historiko hauetan, gure elkartasun zintzoena helarazi nahi diegu urte luzeotan sufritu duten herritar eta familia guztiei. 2. Gure poza azaldu nahi dugu itxaropenerako zabaldu den aro berri honengatik. Herri honek behin eta berriro irrikaz aldarrikatu duen bakea errealitate bihurtzeko urrats garrantzitsua. 3. Aieteko adierazpeneko lehen puntua bete da. Bigarren urratsarekin bat eginik, dei egiten diegu Espainiako eta Frantziako gobernuei baiezkoa eman eta gatazka armatuaren ondorioez soilik aritzeko elkarrizketak zabaltzeko. 4. Desberdintasun politikoak izan arren, Zarauzko Bildu, EAJ-PNVk eta Aralar-EBk konpromiso irmoa hartzen dugu gure esku dagoen guztia egiteko herrian normalizazio politikorantz urratsak egiteko, eta bizikidetzaren alde lan egiteko. 5. Konpromiso irmoa hartzen dugu, era berean, gure herrian elkarbizitza eta adiskidetzea nagusitu dadin, alderdion, gizarte eragileon eta herritarron erantzukizuna baita hurrengo belaunaldiek guk pairatutakoa ez pairatzea. 6. Azkenik, ziur gaude, zarauztarron kemenari esker, denon artean, herri aurrerakoai batean bizi izango garela etorkizun hurbilean.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide