Orioko Bilduren erantzuna, Txuleta Festaren inguruan: "Laguntza ukatu? Zehaztu dezagun"

Urola Kostako Hitza 2011ko urriaren 21a

Txuleta festa ez antolatzea erabaki du Toki Alai elkarteak, eta arrazoia laguntza falta omen da. Errua, Orioko Udalarena. Beraien esanetan, ezezkoa eman diegu, eta horregatik ez dute festa antolatuko. Halakoetan komeni izaten da azalpenetan zehatzak izatea, gaiak erdizka eta gutxi-gora behera kontatu beharrean. Goazen bada. Eskaria urriaren bateko datarekin sartu zuen Toki Alai elkarteak. Bost egun geroago, urriaren seian egin zen batzordea erabakia hartzeko, eta bertan puntuz puntu aztertu ziren Toki Alai elkartearen hamalau eskariak. Hamalau eskari ziren. Azter dezagun puntuz puntu zeri esan zaion baietz eta zeri ezetz. Festa plazan egiteko baimena ematea eta festa burutzen den bitartean plazako ibilgailuen trafikoa mugatzea, plaza ingurua oinezkoentzat soilik irekiaz eta herri sarrera moilatik jarriz. Baiezkoa. Festaren baitan sortzen den material guztia gorde ahal izateko, elizara doan igogailuaren eraikineko biltokia emateko aukera. Baiezkoa. Udaletxeko komunak erabiltzeko aukera, baiezkoa. Toldo bidez plazako itxitura Udaleko langileek prestatzea, eta plazan festak aurreko urteetako itxura eta forma izan dezan behar diren elementuak kentzea, aulkiak eta trafiko seinaleak, nagusiki. Baiezkoa. Mahaiak, tableroak eta astoak. Baiezkoa. Izotz bila joateko brigadak duen gruadun furgoneta erabiltzeko aukera. Baiezkoa. Dastaketetarako plater eta edalontzi berrerabilgarriak. Baiezkoa. Azpiegiturari egokituko zaion ur eta elektrizitatea ezartzea. Baiezkoa. Urkome erakundeari hamar karpa eskatzea. Baiezkoa. Tolosako Udalari, txuletak erretzeko parrillak eta karpa handia eskatzea. Baiezkoa. Hau guztia udal langileek egin zezatela erabaki zen batzordean, Bildu eta Orainen botoekin, gainontzeko festetan bezala, herriko taldeek antolatutako ekimenetan udalak laguntzaile behar duelako. Zeri esan zaion ezetz? Bat: Orio estilora izena ez erabiltzeko eskatu zitzaion Toki Alai elkarteari, sorreratik Orio estilora marka Orioko Udalarena delako, eta gaur egun ere hala delako. Eta uztaileko kultura batzordean erabaki zen nola erabili: Orio estilora bisiguak erretzen dira, eta marka bisiguaren festan bakarrik erabiltzea adostu zen. Txuleta egiteko estilo berezia al daukagu Orion? Edo parkeetan kanasta bat jartzen dugun bakoitzean Orio estilora jarri behar al da? Ezetz erabaki zen, zinegotzien gehiengoa markaren erabilera mugatzearen alde dagoelako. Bi: 4.000 euroko diru-laguntza eskatzen zuen Toki Alai elkarteak festaren propaganda egiteko. Gehiegikeria iruditzen zaigu elkarte bati festa baten promoziorako diru-laguntza hori ematea. Herriko festen promozioan, edo beste elkarteek antolatzen dituzten festetan propaganda egiteko udaleko kartelak eta bitartekoak erabiltzen direlako. Denekin modu berean jokatzeko hartu dugu erabakia. Hori guztia hitz egin zen batzordean. Lagundu diegun edo ez norberak erabaki dezala. Beste taldeei laguntzen zaien bezainbeste emango zaio Toki Alairi, ez gehiago eta ez gutxiago.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide