Toki Alai elkarteak ez du Txuleta Festa antolatuko

Urola Kostako Hitza 2011ko urriaren 21a

Toki Alai elkarteak TxuletaFesta ez antolatzea erabaki du. EAJ alderdiak adierazi du Udalak jarri dizkion baldintzekin «ezinezkoa» dela «festa behar bezala» prestatzea. Alderdikideek esan dutenez, festa antolatzeko azpiegiturak eta horren berri emateko diru-laguntzak eskatu dizkiote Udalari. Baina hark jarritako «traben» ondorioz hartu dute erabakia, jeltzaleen hitzetan: «Udalak ez du dirurik eman, tabernarien artean inkestak egiteko eskatu digu, eta Orio estilora marka ezin izan dugu erabili». Udalari laguntza Orioko Udal Gobernuak Txuleta Festa ez egitea erabaki zuenean, Toki Alai elkarteak gai honen inguruko hausnarketa egin zuela adierazi dute jeltzaleek. Azken bi urteetan egun hauen bueltan egin dute jaialdi gastronomikoa. Eta aurten, festa elkarteak «gidatzea» proposatu zutela adierazi du alderdiak. «Izan ere, horrelako ekimenak burutzeak ez dio herriari kalterik egiten, eta, aldiz, onurak besterik ez dizkio ekartzen». Jaia «oso arrakastatsua» izanik, Orioko EAJk adierazi du Txuleta Festaren orain arteko formatuari eusteko asmoa zutela hasiera batean. Eta «kalitatezko produktuak» eskaintzen segitu nahi zuela gaineratu du. Hori aurrera eramateko Udalari azpiegituretan eta promozioan laguntzeko eskatu zion elkarteak, honen laguntza «beharrezkoa» baitzuten. «Nahiz eta Udalak gidatu ez, festari babesa ematea ezinbestekoa zen, hura modu egokian burutu ahal izateko», dio EAJk. Hala, elkartea hainbat «eragozpeni» aurre egiteko prest zegoela esan dute: «Boluntari ugari zegoen lanerako prest, eta diru-laguntzarik behar ez izateko moduko kudeaketa ari zen egiten elkartea». Orioko EAJk gaineratu du egungo krisi egoeran aukera «oso ona» izango litzatekeela festa egitea, «herritar guztientzat eta ostalarientzat». Halaber, lagundu dien pertsonei eskerrak eman dizkie alderdiak.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide