ETAk jarduera armatua behin betiko uztea erabaki duela iragarri zuen atzo, eta Urola Kostako Hitzak eskualdeko ordezkari politikoen erreakzioak jaso ditu.
Igor Iturain, Aiako alkatea (EAJ): "Adierazpena pozgarria da. Hala ere, berandu iritsi da, orain dela urte batzuk etorri behar zuen erabakiak. Orain, bide batzuk ireki dira euskal gizarteko arlo guztietara".
"Etorkizuna hobeto ikusten dut. Lan asko egin behar da oraindik, urteetan erangindako kalteak gainditzeko. Hartutako bide honek jarraitu behar du, benetako bakea lortu eta inongo biktimarik egon arte".
Aintzane Ezenarro, Aralarreko legebiltzarkidea: "Lehendabizi poza eta zoriona adierazi nahi ditut urte askoan Euskal Herrian izan dugun berri politikorik onena eta zoriontsuena jaso genuelako atzo".
"Berria jaso genuenean, nire lehenengo pentsamendua falta diren pertsonei zuzendutakoa izan zen, bakea bizi ezin izan duten pertsona horientzat".
"Bigarrenik, adierazi nahi dugu euskal gizartearen tinkotasunak egin duela posible berri hori; unerik gogorrenetan ere bakearen eta elkarrizketaren alde egon delako eta, azkenean, tinkotasun horri esker lortu delako urrats hori ematea".
"Bereziki eskerrak eman nahi dizkiet musika jo baino lehenago dantzan hasteko ausardia izan duten pertsona guztiei. Aspaldi elkarrizketaren alde eta indarkeriarik ezaren alde apustua egin zuten pertsona guztiei".
"Azkenik, Aralarretik konpromiso zehatz bat plazaratu nahi dugu: memoriadun bizikidetza baketsua lortzeko ahalegin guztiak egingo ditugunaren konpromisoa".
Andoni Ibarguren, Zarauko zinegotzia (Aralar): "Oso modu positiboan baloratzen dugu ETAk Aieteko konferentziari baiezkoa erantzutea, eta bereziki guretzat positiboa da ere, ETAk aldebakarrekotasunez erantzun izana".
"Oso poztekoa da ere bai, euskal gizartearientzun eta erantzun diolako".
"Orain etapa bat ixten da eta berri bat irekitzen da, elkarrizketa bidez, irabazle eta galtzailerik gabeko bake iraunkorra eraikitzen hasteko."
"Bestetik, Aralarretik, Espainia eta Frantziako estatuei eskatu nahiko genioke, Aieteko Bake Konferentziak esan zuena aintzat hartuz, soilik gatazka armatuaren ondorioetaz hitz egiteko.
Patxi Elola, PSE-EEko zinegotzia (Zarautz): "Urrats garrantzitsua eta beharrezkoa izan da hau, baina ETA desagertzea izango da azken pausoa, hau ez da behin betikoa. Horretarako pausoak eman beharko dira, eta emango ditu eman beharrekoak".
ETAren erabakia " ez da bere borondatez hartutakoa, herritarren eta gobernuen presioagatik baizik", Elolak adierazi duenez. "Mesfidantza puntu bat" ematen dio horrek, "azken tregua ere berak bakarrik puskatu zuelako". Horregatik, espero du ETAk emandako "pauso honen azkena bere desagerpena" izatea, "eta atzera bueltarik ez izatea".
Etorkizunarekiko "itxaropentsu" agertu da: "Beti izan dut itxaropena, lehen ere bai. Baina atzoko komunikatuarekin ez da bakea lortu, hau ez da egun batetik bestera egiten". Hildako lagunekin ere oroitu da: "Sentsazio gazi-gozoa dut, gure taldekide eta biktima batzuk hemen ez egoteagatik, hau benetan bakerako bidean urratsa bada haiek hemen ez egoteagatik. Triste nago horregatik".
Aitor Aranguren Azpeitiko zinegotzia (Hamaikabat): "Egun pozgarria denontzako. ETAk porrot egin du euskal gizarteak aspalditik bizkarra eman diolako. Bazen garaia. XXI. mendeko Europan gehiegi luzatu da ETAren abentura. Zer lortu du ETAk? Ezer ez. Zer utzi digu ETAk? Hildakoak, mina, negarra eta gorrotoa.
Gure lehen pentsamendua hildakoengan da. Bereziki Inaxio Uria azpeitiarrarekin. Lan handia dago aurretik, biktima guztien aitortzan eta gizartearen errekontziliazioan.Ez dezala inork pentsa ETAk pena merezi izan duenik. Bakea garaile."
Iñaki Agirrezabalaga, Zumaiako alkatea (Bildu): "ETAren adierazpena itxaropentsua da, denbora luzez esperotakoa. Tiro egiten zutenek gehiago ez dutela egingo jakitea pozgarria da. Erabakia urte askoan espero zuen gizarteak".
"Erabakiak bigarren epe luzeari ateak ireki dizkio. Izan ere, honek ez du esan nahi arazoa amaitu denik; egoera desarmatu honetan hitz egiteko eta konponbiderako unea da".
"Espainiako eta Frantziako gobernuek erantzukinzunez jokatu behar dute orain, Gernikako akordioa sinatu genuenok eskatzen genuen bezala. Mugitu beharra dute; egun batetik bestera ez da konponduko, baina presoen edota biktimen gaiek hor jarraitzen dute oraindik".
"Politika egiteko garaia da orain; nazio honek aurretik ere izan ditu beste gatazkarik, indarkeriarekin edo gabe. Horri aurre egiteko lan egin behar dute gobernuek; Herri propio bat izateko lan egin behar da, demokratikoki eta modu baketsuan. Horri eutsi behar diogu".
Pello Baztarrika, Azkoitiko alkatea (Bildu): Oraindik koaliziokoak bildu ez diren arren, modu pertsonalean "poz handia" adierazi du Azkoitiko Alkateak. Albistea jasota ere, lanean buru belarri sartuta daudenez, ez dutela lana gelditu esan du, beraz, biltzeko denborarik ez dutela izan. "Ikusten genuen bazetorrela, baina hala ere poz handia hartu dugu". Haurdun dagoen emakumearen adibidea jarri du: "Egun gutxi falta direnean badakizu haurra jaiotzekoa dela, badakizu etorriko dela, baina jaiotzen den momentuan poz handia hartzen duzu". Atzokoarekin berdina gertatu dela uste du, "bagenekien bezatorrela baina hala ere poz ematen du".
Hemendik aurrera "ilusioa" datorrela ere esan du. "Benetan sinesten dugu herri honetan. Benetako aukerak ditu herri honek bere osotasunean bizitzeko; ez baikara hala bizi". Aurrerago Bilduko kideak elkartuko direla esan du, eta balorazioaa egingo dutela ere bai.
Mikel Zubizarreta, Azkoitiko zinegotzia (EAJ): "Hainbeste denbora zain egon ondoren, iritsi da behingoz albistea. Ia 40 urteren ondoren, bakea eta askatasunaren bidetik, herrigintzan iharduteko momentua".
"Lehendabizi nere familiarekin pentsatu dut, neure alabekin hain zuzen, hainbeste sufrimentu inguruan izan dugu, eta horrelakorik ez dutela biziko, ez dutela sufrituko… Bigarrenik, mehatxupean bizi izan diren inguruko lagunekin, zentzugabeko borroka horretan heriotza gertutik bizi izan duten horiekin".
"Ondoren, atzoko komunikatu hau lortu ahal izateko lan egin duten guztiekin. Bukaeran, eta poz izugarri batekin, Euskal Herriko gizon emakumeekin, aro berri baten aurrean egonik, guztion artean, errespetuz, gure herri honek merezitako bakea izango dugulako".
Juan Karlos Arellano, Azpeitiko zinegotzi ohia (Aralar): Berri oso pozgarria izan zen atzokoa. Lehenago edo geroago esperotako notizia izan zen. Hemendik aurrera lan egiteko ateak ireki dira ikuspuntu eta gertaera desberdinen aurrean".
"Gainera, politikagintzan ibili naizenean, halako giro bat nahi nuen eta hori gauzatu da".
Ramon Etxezarreta (PSE-EE): "Ezer ez da berdina izango gaurtik aurrera. Bortizkeria menderatua izan da. Bortizkeriarik gabe bizitzen ikasi beharko dugu, ondo bizitzen ikasi behar izaten den bezala. Zilegi izango da gaurtik aurrera euskaldun modu diferentean izatea, gutako bakoitzak nahi duen erako euskalduna izatea. Ezberdin pentsatzen dutenak, justu kontrakoa pentsatzen dutenak beharrezko, ezinbesteko, ditugula ikasteko garaia".
"Tristuraren sakonetik Ernest Lluch, Ramon Diaz, Joan Mari Jauregi, Fernando Buesa, Jose Luis Lopez de la Calle, Froilan Elexpe adiskide eta lagunei, Inaxio Uria herritarrari, eta urte ilunetan, konturatu ere egin nahi izan ez genuen garai haietan, bide bazterra hilotz utzi zizkiguten, edo utzi genituen haiei egin nahi nieke dei, gure zorionaren parte izan zitezen. Ezin ordea".
Maria Jesus Arregi (Lokarri): "Albistea jakin nuenean, malkoak atera zitzaizkidan, emozionatu egin nintzen. Askotan galdetzein nion-eta neure buruari, hau noiz bukatuko da? Norbaitek egin du lana, begira nola iritsi den bukaera. Nahiz eta batzuek esango duten ETA ahul zegoelako iritsi dela bukaerara. Beraz, lana egin duen horri zorionak".
"Ikaragarri pozten naiz, eta orain beste bide batean egin beharko dugu aurrera. Pentsakera desberdin asko dago, bizi ezin asko egon da eta dago, eta orain beste prozesu baten barneratuko gara, eta ea nola egiten dugun aurrera".
Eider Alkorta (politologoa): "Balorazio positiboa egiten dut. Orain aber zer aurrerapauso ematen diren. Atzoko adierazpenarekin ETAren jarduera armatuaren bukaera dela jakin dugu, baina ibilbide luze eta gogor baten aurrean dago euskal gizartea".
Estitxu Elduaien (kazetaria): "Denok gure historioa propioan gogoan izango dugun eguna da, niretzat bai behintzat. Euskal Herriaren gatazkan mugarri bat ezarri du ETAren adierazpenak, orain artekoa eta datorrena bereiztuko dituena. Aro bat amaitu da. Halare, borroka armatua amaitu arren, Euskal Herriko gatazka ez da amaitu, eta orain hasten da benetako konponbide aroa. Zenbaitek jada ezingo du bestaldera begiratu eta borroka armatuaren aitzakian babestu. Hitz egiteko ordua iritsia da, Euskal Herriaren hitza eta nahia errespetatu eta onartzekoa".
Jose Luis Otamendi (idazlea): "Agiri horrek gure bizitzako aldi baten amaieraren marka dakar, eta gure herriaren aro baten bukaera ere adierazi lezakeela ematen du. Oinazearen termometroak behera egingo du nabarmen, baina grado askotan dauka jaitsi beharra oraindik. Zer sendatu, zer osatu asko dago, noski.
Bestetik, ikusteko dago aldi berri baten hasiera ere etorriko den atzoko agiriaren bidetik, pauso berriak emango diren Euskal Herriko auzia konpontzeko, edo alde bateko indarkeria bukaturik, dena lokatzetan trabaturik geratuko den, ez atzera ez aurrera.
Espero dut beranduegi ez izatea, indarrak biltzen jarraitu eta nazio moduan jokatuta, jendarte aurrerakoia eta autodeterminazio eskubidea lortzeko. Uste dut aukera hori orain gure esku dagoela, eta gogor saiatzen bagara lortuko dugula aurrera egitea. Ez gaude ez zeharo ondo eta ez guztiz konforme, baina egundo egon garen ondoena bagaude, eta abaila hau aprobetxatu beharra dago".
Xabier Euzkitze (kazetaria): "Asko baloratu beharrekoa da, historikoa da, eta orain aurrera begiratu behar dugu".
"Gaurtik aurrera, uste dut, bakea, bizikidetza eta autodeterminaziorako aukera gehiago daudela".
Luis Mendizabal ( Inazio Uriaren familiaren izenean): "Inazioren familia hunkituta dago, hitzik egin ezinda".
"Manoli inoiz baino hunkituago dago. ETAk hildakoetatik azkenetakoa da, eta horrek are mingarriago egiten du".
Imanol Murua kazetaria (
Berria egunkarirako egindako analisia).
Berandu, baina garaiz
Anjel Lertxundi, idazlea (EITBri eskainitako elkarrizketan esandakoak): "Une pozgarria izan da, nire etxean behintzat. Bizitza osoa honen zain egon gara. Duela pare bat urte egun hau iritsiko zen esperantza galdua ere banuen".
"Zailena orain al datorren? Zailena pasa dugu. Baina zentzu honetan izango da zaila etorkizuna: gure etorkizunaren agente izango gara aurrerantzean. Hori da atzoko pozaren arrazoietako bat. Aurrerantzean orain arte ezagutu ez dugun, euskal herritarrek ezagutu ez duten bizitza izango da, tutelarik gabea; bizitza politikoaz ari naiz. Zentzu horretan %100ean gure etorkizun politikoaren egile izango gara. Eta etorkizun hori ezberdinen artean eraiki beharko da. Orain arteko erretoriketatik urrun, guztion artean eraiki beharko da herrialdearen etorkizuna, eta kolore askotakoa izango da; ETA hori zapuztu nahian ari zen, hain zuzen".