«Euskara eta galesa antzekoak dira; baina euskarak indar handia du»

Zarauzko Hitza 2011ko urriaren 20a

Galestar talde bat eskualdean da egunotan. Herenegun iritsi ziren, eta bihar bitartean Urola Kostako zenbait herritako Udalak eta beste hainbat euskara eragile bisitatuko dituzte. Menter Iaith erakundeko kide dira, eta galesaren erabilera bultzatzea dute helburu. Euskararen egoeraren berri izateko, eta hura sustatzeko hartu diren neurriak ezagutzeko asmoarekin etorri dira. Atzo Urola Kostako Hitza bisitatu zuten, proiektuaren nondik norakoak ezagutzeko. Orioko udal ordezkariekin ere izan ziren, baita Karkara eta Erlo hedabideetako kideekin ere. Ondorengo elkarrizketa eskaini zion Meirion Llywelyn Daviesek, Cownyko Menter Iaitheko kideak, Urola Kostako Hitza-ri: Zein egoeretan dago galesa? Bataz beste, biztanleen %20ek hitz egiten dute galesez. Hala ere, ehuneko hori asko aldatzen da eremu batetik bestera. Ipar-mendebaldean, esaterako, indar handiagoa du hizkuntzak. Ildo horretatik, herritarren %80ek egiten dute galesez. Cardiffen, Galeseko hiriburuan, biztanleen %10ek soilik hitz egiten du galesez. Aldea handia da, beraz. Zergatik gertatzen da hori? Nik uste, geroz eta iparralderago jo, geroz eta joera gutxiago dago galesez komunikatzeko. Horrez gain, industria iraultzaren garaian, Ingalaterrako herritar askok eta askok Gales hegoaldera migratu zuten. Hala, ingelesak presentzia handiagoa du bertan, eta, ondorioz, galesaren erabilera murritzagoa da gainontzeko guneetan baino . Euskarak eta galesak antzik ba al dute? Nik uste antzekotasun handiak dituztela euskarak eta galesak. Euskal Herria txikia [...]


Galestar talde bat eskualdean da egunotan. Herenegun iritsi ziren, eta bihar bitartean Urola Kostako zenbait herritako Udalak eta beste hainbat euskara eragile bisitatuko dituzte. Menter Iaith erakundeko kide dira, eta galesaren erabilera bultzatzea dute helburu. Euskararen egoeraren berri izateko, eta hura sustatzeko hartu diren neurriak ezagutzeko asmoarekin etorri dira.
Atzo Urola Kostako Hitza bisitatu zuten, proiektuaren nondik norakoak ezagutzeko. Orioko udal ordezkariekin ere izan ziren, baita Karkara eta Erlo hedabideetako kideekin ere.
Ondorengo elkarrizketa eskaini zion Meirion Llywelyn Daviesek, Cownyko Menter Iaitheko kideak, Urola Kostako Hitza-ri:

Zein egoeretan dago galesa?
Bataz beste, biztanleen
%20ek hitz egiten dute galesez. Hala ere, ehuneko hori asko aldatzen da eremu batetik bestera. Ipar-mendebaldean, esaterako, indar handiagoa du hizkuntzak. Ildo horretatik, herritarren %80ek egiten dute galesez. Cardiffen, Galeseko hiriburuan, biztanleen %10ek soilik hitz egiten du galesez. Aldea handia da, beraz.
Zergatik gertatzen da hori?
Nik uste, geroz eta iparralderago jo, geroz eta joera gutxiago dago galesez komunikatzeko. Horrez gain, industria iraultzaren garaian, Ingalaterrako herritar askok eta askok Gales hegoaldera migratu zuten. Hala, ingelesak presentzia handiagoa du bertan, eta, ondorioz, galesaren erabilera murritzagoa da gainontzeko guneetan baino .
Euskarak eta galesak antzik ba al dute?
Nik uste antzekotasun handiak dituztela euskarak eta galesak. Euskal Herria txikia izan arren, euskarak indar handia duela uste dut, eta hori oso garrantzitsua da. Galesa egoera antzekoan dago, ez irlandera eta gaelikoa bezala. Hala ere, oraindik hizkuntza sustatzeko baliabideen inguruan ikasteko asko dugula uste dut.
Euskal Herrian euskara ikasteko eta euskaraz hitz egiteko grina dute herritarrek, gogoa nolabait esaterako. Garrantzia ematen diote bertako hizkuntzari. Eta hori iraganean bizitako egoeraren ondorio zuzena da. Euskal Herriak, Francoren diktadura garaian zapalkuntza handia jasan zuen, eta, ondorioz, muturreko bi joera sortu ziren, bata beltza eta bestea zuria. Batzuk euskara bultzatu nahi zuten, besteek, ordea, baztertu egin zuten. Galesen, ordea, hizkuntzaren gaineko errepresioak ez zituen hain muturreko ondorioak izan.
Horren aurrean, zein da zuen lana? Zer-nolako programak abiarazten dituzue galesa sustatzeko?
Guk, gehienbat, komunitate edo elkarteetan egiten dugu lan. Gure lana asko aldatzen da eskualde batetik bestera, bakoitzak bere ezaugarriak dituelako. Orokorrean, hala ere, haurrekin eta gazteekin egiten dugu lan, galesaren erabilera sustatze aldera.
Horretarako, aisialdiari eta kulturari lotutako ekimenak antolatzen ditugu, eta horien bitartez, galesa erabiltzera bultzatzen ditugu. Eskoletan jarduten dugu, eta jende askok hartzen du parte.
Bestalde, alor ekonomikoan ere hizkuntzaren erabilera bultzatzeko lan egiten dugu. Nik lan egiten dudan enpresan, esaterako, testuak-eta galesera itzultzeko zerbitzua eskaintzen dugu, merke.
Horrez gain, etorkizunera begira, galesa sustatzen duten haurreskola gehiago zabaltzea litzatzeke gure nahia. Izan ere, eskualde batzutan soilik daude halako zentroak, eta garrantzitsua da haurrak txiki-txikitatik hizkuntza horretan hitz egitea.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide