
EAJ eta Bildu alderdiak «kezkatuta» daude. Izan ere, Eusko Jaurlaritzak Zarauzko Industriagunera bideratzea aurreikusita zuen 8,5 milioi euroko aurrekontua atzera bota du. Horren aurrean, krisi garaian inbertsioak egitea «beharrezkoa» dela adierazi du Zarauzko alkate Juan Luis Illarramendik: «Egungo testuinguru ekonomikoa pertsona eta erakunde publikoentzat oso zaila dela onartu arren, egoera hau aldatzeko ezinbestekotzat jotzen dugu administrazio publikoak inbertsioak eta pizgarri ekonomikoak bultzatzea».
Horrek ikerketarako eta garapenerako poloak sortu, eta enplegua sustatuko duten politikak abiaraziko dituela adierazi du.
EAJko bozeramaile Imanol Lasak bat egin du alkatearekin: «Zarautzek gune ekonomikoak behar ditu. Guk garbi adierazi genuen krisia ez dela egungo kontua, duela urte batzutatik ari gara pairatzen. Hori dela eta, inbertsioen aldeko apustua egin behar dela defendatuko dugu». Iritaren aurrean euren «politika argia» da, beraz: «Gastu korrontea murriztu, eta inbertsioak egin».
Ondorioz, «garapen ekonomikoaren aldeko apustu berezia egin» behar dela nabarmendu zuen Lasak: «Behar-beharrezkoa da krisi garaietan halako proiektuak babestea eta bultzatzea. Inork ez dezala jarri zalantzan Irita une honetan Zarautzen proiektu estrategikoa denik».
Illarramendik, Spri Eraldaketa Lehiakorrerako Elkarteari eta Eusko Jaurlaritzari «erabakia berrazter» dezaten eskatu dio: «Iritara ez bada, inbertsio horiek herri honetan lehentasunezkoak diren beste azpiegitura batzuera bideratu ditzala».
Lasak, berriz, Diputazioari, Zarauzko Bilduri eta Eusko Jaurlaritzari «EAJko zinegotziak lan egiteko prest» daudela jakinarazi die. Horrez gain, aurrekontuak hitzartzerakoan, EAJk hiru erakundeetan emendakinak jarriko dituela adierazi die, «Iritako proiektua ondo garatu eta errealitate bihurtzeko».
Lan guztia eginda
«Ia lan guztia» eginda zegoela gogoratu du Lasak: «Planoak eginak daude, jabeekin hitz egin dugu lursailen inguruan, salmentak egon dira, plan berezi guztiak onartu ditugu…». Horrez gain, egitasmoa garatzeko dirua lortuta dutela nabarmendu du: «Batik bat azken urteotan Gipuzkoako Foru Aldundiarekin eta Eusko Jaurlaritzarekin egindako lanagatik, Iritako proiektua abiatzeko aurrekontua lortuta genuen». Ondorioz, «orain zen momentua planari ekiteko».
«Irita gune ekonomiko berri bat da, guretzat estrategikoa. Urteak joan eta urteak etorri, garbi adierazi izan dugu Irita zarauztarrentzat oso beharrezkoa dela», azaldu du EAJko bozeramaileak, atzo egindako agerraldian. Haren arabera, ordea, Irita ez da jarduera ekonomikoa bultzatzeko soilik sortutako gunea: «Proiektu honi esker, berrikuntza eta garapena sustatuko da, I+G (Ikerketa eta Garapena) deritzona». Ildo horretatik, Iritan hotel bat eraikitzea aurreikusita zegoen, «hotelak ere behar direlako udalerrian». Horrez gain, Oteiza lizeoak bultzatuta, aeronautika zentro bat egitea aurreikusi ere. «Ondorioz, gune horretan aurreikusitako proiektu guztiak zalantzan jartzen dira orain».