Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Bihar amaituko da Orioko Arraunketa Elkarteko zuzendaritza eratzeko zerrendak aurkezteko epea; Miguel Angel Sarasua buru zen zerrenda hasiera batean aurkeztekoa bazen ere, azkenean atzera egin dutela adierazi dute kideek. Aurkeztu berri den eta Ibon Huegun buru duen zerrendak erabakian eragin duela jakinarazi du taldeak: «Ikusi da, aurreko zuzendaritza batzordeko kideek, deitutako konfiantza mozia gainditu ez eta dimititu egin zutela esan arren, hor jarraitzeko gogoa dutela eta hori lortzeko hautagaitza aurkeztu dutela», diote. Hala, Sarasuaren taldea aurkeztuko balitz hauteskundeak izango liratekela nabarmendu dute, eta horrek herrian egun dagoen «zatiketa» areagotuko lukeela uste dute. Hala, «arraun elkartearen onura lehenetsi eta ez aurkeztea» erabaki dute.
Honakoek osatzen zuten zerrenda: Miguel Angel Sarasua, Txomin Etxeberria, Amaia Aizpurua, Jose Ramon Elizondo, Imanol Bengoetxea, Pello Etxeberria, Koldo Miralles, Pedro Leunda, Andoni Sarasua, Elena del Hoyo, Jon Basurko, Maribi Genova, Jon Redondo eta Idoia San Sebastian.
Zerrenda «elkartearen emaitza txarrek herrian sortu zuten egonezinaren ondorioz» sortu zela jakinarazi dute kideek, taldea «dagokion lekura» itzultzeko asmoz.
Bihar amaitzen da zerrendak aurkezteko epea; beste zerrendarik aurkeztu ezean, Ibon Huegun izango da elkarteko lehendakaria, momentuz honen taldea soilik aurkeztu baita hautagaitzara.