Eskualdeko lau bakarlari eta bikote bat ari dira parte hartzen Gipuzkoako XV. Kantu Txapelketan

Urola Kostako Hitza 2011ko urriaren 19a

Banaka, bikoteka eta taldeka. Guztira, hogeitazortzi parte-hartzailek aurkeztu dute beren burua Euskal Kantuzaleen Elkarteak antolatutako Gipuzkoako XV. Kantu Txapelketara. Eta abeslari multzo horretako bost lagun eskualdekoak dira: Eli Huegun aiarra, Mattin Aizpitarte zarauztarra, Rita Aldabaldetreku zarauztarra, Maialen Urbieta getariarra eta Intza Unanue eta Olatz Lizaso bikote oriotarra, hain zuzen ere. Kanporaketako lehen saioa joan den larunbatean egin zuten, Lezoko Gezala aretoan, eta antolatzaileak gustura agertu ziren, bai kantaldiarekin bai jendearen erantzunarekin. Gitarraren erritmopean, Huegunek Katamaloren Betazalak eraustean eta Mikel Urdangarinen Abendua abestu zituen. Aldabaldetrekuk, berriz, Sugan taldearen Espetxeratua eraman zuen taula gainera. Eta Aizpitartek, azkenik, Urteak izeneko abesti propioa eraman zuen. Kantu txapelketako bigarren saioa datorren igandean jokatuko dute, Bergarako Zabalotegi aretoan, 18:00etatik aurrera. Bertan, eskualdeko beste bi ordezkariren txanda izango da; Urbietarena eta Unanue-Lizaso bikotearena, alegia. Finala, azaroaren 27an Kanporaketako bi saioak kontuan hartuta puntuazio altuena lortzen duten hamabi parte-hartzaileek eskuratuko dute finalerako txartela; epaimahaiaren irizpideen arabera, hamabost finalista ere izan daitezkela zehaztu dute antolatzaileek. Erabaki hori hartzerakoan, ez dute kontuan hartuko zenbat bakarlarik, bikotek eta taldek hartu duten aurten parte. Dena dela, gutxienez kategoria bakoitzeko bi partaide sailkatuko dituzte. Bigarren saiotik finalera bitartean hilabeteko etenaldia egingo dute. Epe horretan epaimahaikideek eta antolatzaileek aholkuak eta zuzenketarako proposamenak egingo dizkiete finalera sailkatzen diren kantariei; betiere, beraien lanak hobetzeko eta azken saioan duten guztia emateko. Final nagusia Donostiako Antzoki Zaharrean jokatuko dute, azaroaren 27an, 18:00etan. Sari nagusiak puntuazioaren arabera banatuko dituzte finaleko egunean bertan. Kategoria bakoitzean bi sari nagusi emango dituzte. Horretaz gain, sorkuntza lan onenaren saria ere emango dute, Urretxuko Lekaio kultur elkartearen eskutik. Era berean, Euskal Herriko Kantu Txapelketa Nagusian Gipuzkoa ordezkatuko duten kantariak ere hautatuko dituzte. Horretaz gain, finalean saritutako abestiak eta lehiaketara aurkeztutako sorkuntza lanak Kantagintzaren uhin berria izeneko diskoan grabatzeko aukera izango dute parte-hartzaileek. Saridunen diskoa Gipuzkoako Euskal Kantu Txapelketako parte-hartzaileek musika talde edo bakarlari ezagunen abestiak aurkeztu ohi dituzte. Baita norberak sortutako lanak edo abestiak ere. Nolabait ere, sorkuntzari dagokion garrantzia emateko, egitasmo berria jarri zuen martxan Euskal Kantuzaleen Elkarteak duela hiru urte: txapelketara aurkeztutako sorkuntza-lan guztiekin eta saridunen abestiekin aipatutako diskoa grabatzea, hain justu ere. Iazko txapelketaren uzta jasotzen duen CDa joan den irailaren 23an aurkeztu zuten, Hernanin antolatutako zuzeneko kantaldi batean. Abesti bilduma horretan hamaika lagunek hartu dute parte, eta horien artean ere eskualdeko ordezkariak daude: Sara Larrañaga azkoitiarra, Felipe Murillo azpeitiarra eta Olaxka talde oriotarra. Antolatzaileek aditzera eman dutenez, disko berria Gipuzkoako XV. Kantu Txapelketako emanaldietan eskuratzeko aukera egongo da.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide