«Asko dut lantzeko, baina nire buruarengan konfiantza osoa dut»

Urola Kostako Hitza 2011ko urriaren 19a

Reunion irlako trials-a irabazi ostean, Nissan Reunion Bodyboard Pro txapelketa nagusian parte hartzeko txartela eskuratu zuen. Hori gutxi balitz bezala, azken proba horretan gailentzea lortu zuen. Bertan lortutako marka mantentzea eta gorengo mailari eustea da egun Alex Urangaren (Zumaia, 1989) helburu nagusia. Lan handia egin beharko du horretarako, baina erronkari aurre egiteko prest dago. Nissan Reunion Bodyboard Pro txapelketa irabazi berri duzu. Horri esker, datorren urtean gorengo mailako bodyboarder-ekin lehiatuko zara. Nola ikusten duzu zure burua GSS zirkuituan? Argi dago asko dudala lantzeko. Maila horretan dabilen jendea oso prestatuta dago, eta badaki nola lehiatu behar duen. Bestalde, GSSko olatuak bortitzagoak dira, Hawaiiko Pipeline, Australiako Devos eskuin indartsua, etaTxileko Arica, esaterako. Halako olatu handiak landu behar ditut; nola maneiatu eta teknika findu, besteak beste. Hala ere, gogotsu nago. Emaitza onak eskuratzeko gai naiz, mailari eutsi, eta aurrera begira top horretan jarraitu ahal izateko. Konfiantza osoa daukat nire buruarengan. Zure helburua, beraz, goiko maila horretan mantentzea izango da. Duela bi urte, Hawaiira joan nintzenean, nire ametsa kirolari profesionala izatea, eta horretaz bizi ahal izatea zela esan nuen. Hori da nahi dudana, eta oraingo honetan lortuko dudala espero dut. Hori lortu ahal izateko, lan handia egin beharko duzu, ezta? Nola entrenatuko zara? Orain arte bezala jarraituko dut, ohiturak gehiegi aldatu gabe; egunero egiten dudana egingo dut. Hala, libre nagoen bakoitzean uretara sartuko naiz. Horrez gain, igeri pixkat ere egiteko aprobetxatuko dut. Inoiz ez dut entrenatzailerik izan; autodidakta naiz. Ez dut egunero-egunero diziplina jakin bat jarraitu. Hala ere, entrenatzaile baten bila hasiko naiz; zumaiarra, ahal baldin bada. Hala, test batzuk egingo ditut, zer hobetu-eta jakiteko, eta entrenamendu zehatzagoak jarraitzeko. Lan handia dut aurretik egiteko, iraganean egin dudan bezala, baino gehiago . Txapelketari helduz, zer moduz sentitu zara? Aldeko olatuak izan al zenituen? Orokorrean, hango itsas hondoa reef-a edo haitza da; olatua beti leku berean lehertzen da. Gozamena da hori, badakizulako zein ibilbide egingo duen. Nire ustez, txapelketan zehar olatu onak egon dira, baina bertakoen arabera, duten potentzialerako ez dira apartekoak izan. 0tik 10ra puntuazio bat ematearren, une onenean 5ean egon omen dira. Niri ikaragarriak iruditu zaizkit; ez dut pentsatu ere egin nahi itsasaldia %100an dagoenean nolakoak izango diren... Finalean, gainera, haize zakarra sartu zenez, olatua lekuz aldatu zen. Horrek mesede egin zidan, eta hala irabazi nion Jake Stone australiarrari. Ezker olatua hartu zenuen. Zuretzat bereziki egokia da hori, ezta? Egia esan, bai. Eskuinekoan ere ongi moldatzen naiz, baina ezkerra hartzen dudanean konfiantza handiagoarekin surfeatzen dut kortxoa-rekin. Hemen inguruan, eta zehazki Itzurunen, olatuak ezkerrak dira, eta, ondorioz, olatu horretan aritu naiz gehien. Argi dago txapelketan norbera ongien moldatzen den egoerak aprobetxatzen direla. Goren mailan ibili ahal izateko, bi olatuak maneiatzen ikasi beharra dago. Une gozoak bizi dituzu Reunion en; garaipena, kasu. Momentu txarrak ere izango zenituen, ezta? Zailena bertara bidaiatzeko erabakia hartzea izan da. Mina hartuta nengoen; Itzurunen, golpe baten ondorioz, lepauztaia edo klabikula atera, eta kaltetuta neukan. Ez nekien errekuperatuko nintzen txapelketarako... Gerora, hegazkineko txartela erosita nuela, eta iritsi baino astebete eskas lehenago, marrazo batek gizonezko bat jan zuela jakin nuen. Ez zen lehenengo aldia; dagoeneko beste hiruri eraso egin zieten. Horrek kezka sortu zidan. Izan ere, marrazoak gero eta gehiago hurbiltzen dira leku turistiko horretara, eta, dirudienez, ez dute bertatik alde egiteko asmorik. Ildo horretatik, txapelketan gozatuko nuen ala ez zalantza sortu zitzaidan. Beste lekuetara joan izan naizenean, Mexikora esaterako, txapelketaz gain, lekuaz ere gozatu dut. Reunion irlan ere ondo pasatu dut, baina mugatuta negoen, nolabait esateko. Uretan, tentsioan egoten nintzen, marrazoak zirela-eta. Ez negoen olatuei begira soilik, eta horrek estutu egiten ninduen. Bestalde, lepauztaiak ere eman dit burukomin pixkat. Lehenengo bi txandetan sentitu nuen min handiena. Gainontzean, ondoeza soilik eman dit. Horrez gain, aurpegian ere mina hartu zenuen txapelketako lehen egunetan. Bai, likra ere ezin nuen neure kabuz jantzi; laguntza behar nuen horretarako. Uretan nengoenean, ordea, minaz ahaztu, eta ahalik eta ondoen surfeatzen saiatzen nintzen. Etxerako bueltan izaten nituen, gero, komeriak. Baina Ibuprofeno batzuk hartu eta kitto. Halako uneetan, anaiaren babesa ezinbestekoa egingo zitzaizun, ez? Psikologo lan asko egin al du? Bai, bera izan da nire coach edo entrenatzaile pertsonala. Ez du edonork horrelako titulurik izango! Asko irakatsi dit; bizitzaz, batik-bat. Anaia zaharrek beti esaten dizute zer den zuretzat ona eta zer kaltegarria. Txapelketan zehar asko lagundu dit, bai animikoki, baita psikologikoki ere. Animoz baxu nengoenean borrokatu egin behar nuela esaten zidan, maila banuela horretarako. Mina nuenean, berriz, lasaitu egiten ninduen, «hori ez duk ezer; hogei minutu besterik ez dituk, eta gero etxera joango gaituk lasai egotera» esanez. Uneoro nire atzetik ibili da, besoa zaintzen, eta behar nuen guztia eskaintzen. Horregatik diot; harentzat ere garaipen hau oso garrantzitsua izan da, igarri diot. Tentsio une asko bizi izan ditugu. Eta, horregatik, hari eskaini diot saria. Denboraldia oraindik ez da amaitu. Zein izango da zure hurrengo geltokia? Hurrengo probak Venezuelan eta Puerto Ricon izango dira, baina ez dut haietan parte hartuko. Horretarako, igandean-edo atera beharko nuke Zumaiatik, eta bertan hiru aste pasatu. Nahiago dut etxean geratu eta besoa zaindu. Gerora, Azoreetara (Portugal) joango naiz, orain arteko puntuazioa mantentzeko eta postuari eustearren. Emaitza onaren bila joango naiz; konfiantzaz, beraz. Baita lekua ezagutzera ere, ez bainaiz inoiz bertan izan . Gerora, denboraldi amaierako proban hartuko dut parte, Kanaria uharteetan. Han, Kanaria Handian, trials-ak pasatzen saiatuko naiz, GSS zirkuituko proban parte hartu ahal izateko. Hala, berriz ere, goren mailako rider-ekin lehiatzekoe ta El fronton olatu entzutetsua hartzeko aukera izango dut. Datorren urtean GSS zirkuituko proba askotan hartu beharko duzu parte, eta ondorioz asko bidaiatu beharko duzu. Gastu asko izango duzu, ezta? Tour guztia egin ahal izateko 30.000 euro inguru beharko dut, eta egungo kontratuarekin ezinezkoa da diru kopuru hori ordaindu ahal izatea. Horregatik, diru-laguntzak eskatu behar ditut. Nire sponsor Sniper eta Churchilli eskerrak ematen dizkiet orain arte eskainitako babesagatik, eta datorren urtera begira, laguntza gehiago eskatuko diet. Horrez gain, babesle indartsuagoak bilatzen hasiko naiz; ea Gipuzkoako Foru Aldundiak ere laguntzen nauen. Esan bezala, oso garrantzitsua da zuretzat top horretan mantentzea. Zer da zuretzat bodyboard-a? Oso serio hartzen dudan zerbait . Honi esker, benetan lortu nahi dudana lortu dut; poz handiak eman dizkit. Kirol oso landua da, bai fisikoki, baita mentalki ere. Prestatuta egon behar duzu, motibatuta uretara sartzeko; batez ere Euskal Herrian, baldintzak ez direlako oso onak. Kirol indibiduala denez, itsasoarekin lotura handia sentitzen duzu. Eta, gainera, inork kirola praktikatzera behartzen ez zaitunez, gogoz egiten duzu; zuk nahi duzunean, eta nahi duzun moduan. Pausoz pauso hobetzen zoazela ikusten duzu, eta horrek benetan gogobetetzen zaitu. Ederra da, bestelakoa. Zer dela-eta hasi zinen? Zergatik aukeratu zenuen bodyboard-a eta ez surfa? Biak gustatzen zaizkit; biak praktikatzen ditut. Udan, bodyboard-a egiteko baldintzak ez direnean onak, surfeko taula hartu eta gozatu egiten dut. Baina nahiago dut lehenengoa. Ni hasi aurretik, anaia ibiltzen zen, eta hark sartu zidan bodyboard-aren harra. Etxetik datorkit zaletasuna. Betidanik sentitu dut lotura hori. Horrez gain, eszenatoki aparta dut etxe ondoan. Bodyboard-a praktikatzeko ezin hobeak dira Itzurungo olatuak. Arranpala ikaragarriak sortzen dira, eta saltoak-eta egitea izugarria da. Airean sentitzea, libre, ikaragarria da. Surf egiteko beste modu bat da, erasokorragoa. Eta Itzurunek hori egiteko aukera ematen du. Surfarekin alderatuta, bodyboard-a gutxietsita dagoela uste al duzu da ? Badakit gaur egun Zarautzen-eta surfak oihartzun handia duela, baina hori Pukasi esker gertatu da; lan handia egin du Zarauzko olatua ezagutzera emateko. Horrek kortxoa baztertzea ekarri du. Alde horretatik, izorratzen nau bodyboard-a hain onartuta ez egoteak. Hala ere, pixkanaka goraka doan kirola dela uste dut, eta hemendik urte batzuetara beste egoera batean egongo da. Iritsiko zaio, berriz ere, bere momentua, 80. hamarkadan gertatu zen moduan. Ez da batere kirol erraza, esfortzu handia eskatzen du; ez da gutxietsi behar etzanda egiten delako soilik. Surf egiteko beste modu bat da. Horregatik oso garrantzitsua da atzetik dudan bultzada. Bodyboard-ak jarraitzaileak dituela jakiteak asebete egiten zaitu. Itzurun aipatzen duzu behin eta berriz. Baina munduan zehar ibilitakoa zara zu, eta izango dituzu gustuko beste olatuak, ezta? Hawaiien bi alditan izan naiz, lehenbizikoz duela bi urte. Garai hartan bete nuen nire ametsa. Pipeline olatua hartzea mundiala da, perfektua. Asko gustatzen zait. Aurten, bertan atera didate nire argazki onena. Hiru egun inguru egon nintzen olatuaren zain, eta iritsi zenean hartu eta angelu guztietatik atera zizkidaten argazkiak. Hori da gustukoen dudan olatua. Australian ere oso olatu onak ezagutu ditut. Etengabe alde batetik bestera mugitu behar duzu, itsasoaren ibilbideak luzeak dira, eta arreta handia jarri behar duzu. Horren adibide da Devos olatua. Lehen aipaturiko El Fronton ere ikaragarria da, Kanaria Handiko olatua. Gure norshore-a deritzona—Orrua eta Roca Puta, besteak beste—ere itzela da. Bertako olatuak ez dira hain egonkorrak baina sortzen direnean ez dira aipatutakoak baino gutxiago.  

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide