Urtero egiten duten moduan, Mugabekoek Esperientzia Eskolako diplomak banatu zituzten atzo, urriaren 17a, Orioko Udaleko pleno aretoan.
Bertan, diplomak jaso behar zituzten ikasleez gain, Beñat Solaberrieta, Orioko alkatea; Jon Agirresarobe, Orioko Udaleko hezkuntza zinegotzia; Iñaki Beraza, Orioko Herri Ikastolako zuzendaria; Juanjo Zubizarreta, Zaragueta Herri Eskolako zuzendaria; Miguel Nacenta eta Toñi Tamayo, Farfara elkarteko kideak; eta Vicente Rodriguez, Mugabeko komunikazio arduraduna, egon ziren.
Beñat Solaberrieta izan zen hitza hartzen lehenengo gonbidatua. Esperientzia eskola, formazio jarraituaren kontzeptua barneratu nahi duen gizarte batean, benetan betetzen ari den taldea dela adierazi zuen. Jarrera hori txalotzeaz gain, eskolan izena eman izana ere asko baloratzen duela Udalak ere esan zuen.
Jon Agirresarobe, hezkuntza zinegotziak, ibilbide interesgarria egiten ari zirela esan eta egiten den elkarlanaren garrantzia nabarmendu nahi izan zituen. Atzetik, Iñaki Berazak, Ikastola kolaboratzaile izatetik Mugaberen zati sentitzera pasa dela esan zuen eta bertako ateak beti zabalik izango dituztela ere gaineratu zion bere mezuari.
Zaraguetako Juanjo Zubizarretak, iaz hasitako esperientzia polita eta aberasgarria izan zela eta esperientzia eskolarekin egiten dugun lana urte guztira zabaldu nahi izatearen proposamena jarri zuen mahai gainean. Ikasle ohiek monitoreen lana eta goxotasuna nabarmendu zituzten.
Azkenik, Vicente Rodriguezek, esperientzi eskolek anbulatorioak husten ari direla esanez amaitu zuen hitzaldia. Ondoren, Zaharren Babes Lekuan izan zuten hamaiketakoa diplomak jaso zituztenek.
Kurtso berria
Astelehenean hasiko dira 2011/2012 ikasturteko esperientzia eskolarekin. Iaz baino ikasle gutxiagok eman dute izena momentuz, baina asko eta askok urte batetik bestera errepikatzen dute. Ikastolan emango dituzte lehen eskolak, ikasleen arratsaldeko ordutegi berarekin, 14:30etatik 16:30etara.