Gizonezko azpeitiar bat hil da, itsasoak eraman ostean bihotzekoak jota

Urola Kostako Hitza 2011ko urriaren 18a

Ertzaintzak jakinarazi duenez, Zumaiako Santiago hondartzan gizonezko azpeitiar bat hil da arratsaldean, ustez bihotzekoak emanda. Iturri horren arabera, 15:30ean jazo da ezbeharra. Bikote bat uretara sartu da eta korronteak eraman ditu. Emakumezkoak uretatik ateratzea lortu du, eskoileratik edo lubetatik; gizonezkoak, ordea, zailtasunak izan ditu. Egoeraz ohartuta,  inguruan zeuden surflari batzuk hurbildu zaizkio gizonari, baina Baleike aldizkariari jakinarazi diotenez, ordurako konortea galduta zegoen. Ertzaintzaren helikopteroaren laguntza behar izan dute gizonezkoa uretatik ateratzeko. Behin hondarretan, gizonezkoa suspertzen saiatu dira, baina ez dute lortu. Gerora, bigarren helikoptero bat lurreratu da Santiagon, medikalizatua. Hark ere ez du lortu gizonezkoa bere onera ekartzea. Emakumea anbulantzian artatu dute, eta bertan jakin du gizonezkoa hilik zegoela. Ertzaintzak ez du argitu hilotzaren nortasuna, baina «52 urte inguru» zituela esan dio  Hitzari. Azpeitiarra zen. Harekin zegoen emakumezkoa, berriz, «arriskutik kanpo» dagoela adierazi du Ertzaintzak.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide