
Afrika zoragarria da, handia. Ezbeharren aurrean, fenix hegaztiarena egiten du; suspertu egiten da, indar gehiagorekin», dio Arantza Araucua emagin eta erizainak. 2007an joan zen lehenbizikoz Angolara,bertako osasun zentro batean laguntzera. Bertan bizitakoa eta ikasitakoa izango du hizpide gaur, Aste Solidarioko jardunaldietan. Gurutze Gorriko eta Palenqueko Lagunak gobernuz kanpoko erakundeko sendagile Felix Zubiarekin eta Susana Llavinarekin eta Malawin fisioterapeuta gisa ibiliatako Agate Burgañarekin batera hartuko du parte osasunaren aldeko kooperanteen hitzaldi sortan, 20:00etan, Antoniano aretoan.
Araucuak betidanik izan du Afrikara bidaiatzeko grina: «Sustraiak han ditugula esaten dute; nik, behintzat, bai. Erizaina eta emagina naiz, eta nire helburua betidanik bertara joatea izan da. Gerora, lanean hasi nintzen eta seme-alabak izan nituen; bizitza guztiz aldatu zitzaidan. Baina nire ametsak hor jarraitzen zuen. Beti pentsatu dut ametsak, ahal bada, bete egin behar direla. Ez du axola zein adin duzun».
Hori dela eta, 60 urte zituela joan zen Luandara, Angolako hiriburura. Lagun bat zuen Morrovento auzoan. Urte batzuk lehenago joana zen hura, eta beste bi lagunekin haurrentzako eta emakumeentzako osasun zentro bat zabaldu zuen. «Angolan jaiotze tasa oso altua da, eta baliabide gutxi dituzte», dio. Jakinarazi duenez, zortzi sendagile daude 100.000 pertsonako, mediku bakarra 12.500 gaixorentzat. «Hasieran egunean 30 bat emakume eta 100 haur inguru artatuko zituztela aurreikusi zuten. Egun, ordea, 60 emakume eta 300 ume joaten dira zentrora, egunero», nabarmendu du.
Laguntza beharrezkoa
Urte batzuren buruan lagunak Zarautzen bizi den gernikarrari deitu zion, arazo bat zutela-eta laguntza eske. Ekografiak egiten ikasteko eskatu zion, orduan. «Ordura arte, tronpeta moduko bat erabiltzen zuten ekografoaren partez. Hori dela eta, bertako emakumeek ezin zuten jakin haurra bizirik zegoen, mutila ala neska zen, plazenta ongi kokatuta zegoen…», azaldu du. Hala, ekografoaren funtzionamendua ikasi, eta Luandara joan zen Araucua. Heldu zenean, ordea, Gurutzeta ospitaletik bidali zuten ekografoa «hilda» zegoen: «Desengainu handia izan zen, baina segituan beste baten bila hasi ginen, denborarik galdu gabe». Gauzak horrela, Aecid Nazioarteko Lankidetzarako Espainiako Agentziak gailu bat emango ziela hitz eman zien, «kostata».
Hiru hilabeteren buruan, Araucua Zarautzera itzuli zen, «gauza handirik» egin ez zuen sentipenarekin: «Lan egiten nuen, baina ezer berezirik lortu gabe». Hori dela eta, ekografiak egiten ikasten jarraitu zuen eta Afrikara bueltatzeko paperak prestatzeari ekin zion. 2008an joan zen Luandara bigarrengoz, sei hilabeterako. Ekografiak egiteko tresna ere egun berean iritsi zen Luandako beste zentro batera, lau hilabeteko atzerapenarekin: «Horrela funtzionatzen du guztiak Afrikan. Guztia da amanha (bihar)».
Paludismoa, arazo nagusia
Iritsi bezain pronto, ekografoaren bila joan ziren. «Martxan jarri eta astebetera hasi nintzen ekografiak egiten», dio: «Aurrerapen handia izan zen bertako emakumeentzat ekografoa erabili ahal izatea. Eurentzat guztia zen garrantzitsua, baina, batez ere, haurra neska ala mutila zen jakitea. Askok erditu arte ez zuten jakiten haurraren sexua, ezta zenbat ume izango zituen ere».
Haur asko hilda jaiotzen direla dio. Araucuaren arabera, paludismoak edo malariak haurdun dauden emakumeei jotzen die, gehienbat. Paludismoa kutsakorra ez bada ere, kasu jakin batean transmititu daiteke gizaki batengandik bestearengana, zuzenean: amak sabelean duen haurrari. «Oso gogorra da haurra hilda dagoela jakitea. Umea ikusten duzu, handia eta osasuntsua, baina gailua bihotzera begira jarri, eta geldirik dagoela ikustea negargarria da», azaldu du.
Paludismoa da Angolako eritasun nagusia, eta «sinesgaitza dirudien arren», egun ez dago horren aurkako txertorik: «Parasitoek eragindako gaixotasun kutsagarria da, eta bost urtetik beherako umeei eragiten die kalte handiena, bereziki». Klimak eta baliabide faltak ere ez dute laguntzen: «Etxeak oso arinak dira, eta bero handia egiten du. Aireztatu egin behar dira, ez baitute hozte-sistemarik. Horrek eltxoak erakartzen ditu».
Jarrera «desiragarria»
Angola oso herrialde aberatsa da. Natur baliabide asko ditu; diamanteak eta petrolioa, besteak beste. Bertako biztanleak, ordea, pobrezian bizi dira: «Aberastasuna gutxi batzuen esku dago». Horren aurrean, angolarrek «bestelako pentsaera» dutela adierazi du: «Egunean jatordu sendo bakarra egiten dute, eta hori duten bitartean gustura bizi dira. Ezer gutxirekin konformatzen dira». Ildo horretatik, angolarrek «jarrera desiragarria» dutela dio Araucuak: «Oso pertsona gogorrak dira; alaiak eta maitagarriak. Gaixo eta ahul egon arren, kalera irteten dira, lanera joaten dira. Ez da hemen bezala; hemen jendea guztiagatik kexatzen da. Hemen hondamena ez da zerbaiten falta izatea, daukaguna ez baloratzea, baizik. Eta hori garbi ikusten da hona etortzean».
Hala, nagusiki, «esperientzia onak» izan ditu emaginak Angolan: «Une txarrak pasa nituen, baina, orokorrean, une politak gogoratzen ditut. Haiekin egotea zoragarria da. Ia 40 urtez gerran egon den herrialdea da, eta horrek gizartea guztiz izorratzen du. Haiek, ordea, aurre egiten diote egunerokotasunari. Emakumeak, batez ere, eredugarriak dira. Nola zaintzen dituzten haurrak, nola egiten duten lan… Izugarria da, oso arraza sendoa da».
Erakarpen indar handia
Afrikak «erakarpen indar handia» duela nabarmendu du Araucuak: «Dama handi bat bezala da. Erakarri egiten zaitu, sorgindu, liluratu». Horregatik, bertaratzen den orok esperientzia hori errepikatzeko beharra sentitzen duela dio. Hala, «zaila izan arren», itzultzea gustatuko litzaioke Araucuari. «Etxekolanak eginak» dituen arren, «aho zapore ona» du emaginak: «Hasieran pena ematen dizu itzultzeak, dagoeneko ez zaituztelako behar. Baina horrek aurrera egiten dutela esan nahi du, eta ez dutela zure laguntzarik behar; positiboa» da, beraz».