Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Orioko Udal Gobernuak barne-araudia eguneratu nahi du. Horretarako, Udalaren funtzionamendua azaltzen duen zirriborroa aurkeztu du. Dokumentua jendaurrean jarri du orain, herritarren iritziak jaso ditzaten. Beraz, udal langileek nahiz herritarrek euren proposamenak eta ekarpenak egin ditzakete. Barne araudi berrian hainbat gai jasotzen du Udalak, erakundeari eta herritarrei eragiten diena. Besteak beste, udalbatzarrak eta bertako eztabaidak, mozioak, gobernu batzarrak, batzorde informatiboak, sortu berri dituzten aholku batzordeak, herritarren esku-hartzea eta erreferendumak arautu ditu dokumentu berriak. Horien guztien inguruan ekarpenak egiteko azken eguna bihar da, eta udaletxera jo behar da horretarako. Ondoren, jasotako proposamenekin eguneratutako barne-araudia udalbatzarrak onartuko du.
Barne-araudi berriarekin herritarren «parte-hartzea bermatu» nahi du Udal Gobernuak. Izan ere, Orioko alkate Beñat Solaberrietak adierazi du hainbat zehaztasun aldatzea proposatu duela Bilduk, batez ere batzordeetako «parte-hartze formularen
eta aholku batzorde organoen eraketaren» inguruan. «Egungo oztopoak gainditzeko asmoz,
idatziz aurkeztu nahi dugu
osoko bilkuran zein izango litzatekeen guretzat formula egokiena».
Udaleko batzordeetan herritarren parte-hartzea «oso garrantzitsua» dela adierazi du alkateak. Beraz, bertara joan ezin dutenei «bideak irekitzeko asmoz», hainbat organo osatu dituzte. Oraingoz lau aholku batzorde eratu dituzte, eta dagoeneko martxan dira: Kultur Aholku Batzordea (Kultur Mahaia), Kirol Aholku Batzordea (Kirol Mahaia), Ingurumen Aholku Batzordea (Topagune Berdea) eta Festa Batzordea.
Batzorde informatzaileena izango da beste aldaketa nabarmena. Batzordeok «erabat irekiak» izango direla adierazi du alkateak, «espreski kontrakoa aplikatu behar ez den momentu horietan izan ezik».
Batzorde informatzaileez eta aholku batzordeez gain, beste puntu ugari ere jorratzen ditu Udaleko barne-araudiaren zirriborroak. Dokumentua Udalaren webgunean (www.oriora.com) edo udaletxean bertan eskuratu daiteke.