Bien arteko artea, joan-etorrian

Urola Kostako Hitza 2011ko urriaren 14a

Artearen «joan-etorria» da Txatxareatzen, Iñigo Manterola oriotarraren eta Gorka Larrañaga Iranixe azkoitiarraren azken proiektua. Azkoitiarra Mexiko Hirian bizi da azken sei urteetan, bere artelanek eta sortze-prozesuak dagoeneko badute bertako eragina. Oriotarrak, berriz, gai guztiz desberdinak lantzen ditu; arrantza, itsasoa eta Euskal Herriarekin lotura gehiago duten gaiak presente daude lanean. Berezitasunak berezitasun, sinergiak elkartu dituzte Mexikon maiatzean hasi zuten bidean. Orain, Txatxareatzen proiektua ekarri dute Donostiara. Gaurtik azaroaren bostera ikusi ahalko dira bi artisten obrak, Manterolaren Estudio galerian. Mexikon txatxara-k erosi bezain laster balio ez duten gauzak dira, Manterolak adierazi duenez. Horrek badu loturarik bien egitasmoaren izaerarekin, artista bakoitzak aurretik egin zituzten obrak berreskuratu baititu, hainbat teknika erabiliz: «Aurretik erabili ditugun irudiak birziklatu eta landu ditugu. Bakoitzak bere irudiekin collageak egin ditu lehenengo; banakako irudi horiek kohesionatu, eta margolanak egin ditu», dio Manterolak. Teknika hori erabiliz, inguruaren begirada berezia aurkeztu dute biek. Margotzeko modu desberdinak lantzen dituztenez, obra «ausartak eta surrealistak» sortu dituzte, kontraste handiekin. «Hasiera batean zelebrea gerta daiteke margolan batean arrantzale bat atzean plastikozko oreina duela ikustea. Proiektu deigarria da». Larrañagaren ustez, kultura aldetik proiektua berritzailea egiten du horrek, bi herrialdeetako pentsaera eta kultura trukatu baitute. Txalaparta metafora gisa erabiltzen du azkoitiarrak Txatxareatzen azaltzeko: «Txalapartan bezala, bakoitzak bere momentua du lan honetan. Bi talentu batu, eta gauza berri bat sortu dugu. Bestearen eraginik gabe ez luke zentzurik izango proiektuak». Manterola ere bat dator honetan: «Batak bestearengandik zerbait ikasi dugu. Elkarlana izan da horren oinarria, bakoitzak bere mundu eta ikuspuntu propioa jorratzen baititu». Duela urtebete inguru hasi zuten Mexikon garatu duten Txatxareatzen proiektua. Euskal Herrira iritsi aurretik, herrialde horretan jarri zuten jendaurrean, joan zen matxoan. Larrañagaren bizilekuan «oihartzun handia» eta «harrera ona» izan duela adierazi dute bi artistek. Hamabi obra inguru sortu dituzte, eta horietatik batzuk saldu zituzten bertan, esaterako. Orain, proiektu hau Euskal Herrian ere ulertuko duten esperantza dute Larrañagak eta Manterolak.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide