Bigarrengo Urkome Sariak antolatu ditu Urkome Urola Kostako Landa Garapeneko Elkarteak, Ingurugiro Etxea Fundazioarekin, Gipuzkoako Foru Aldundiarekin, Eusko Jaurlaritzarekin eta Itsasmendikoirekin elkarlanean. Sarietan parte hartu ahal izateko, ekimen edo jarduera berritzaileak aurkeztu behar dira, eta Urola Kostan garatzekoak. Egitasmoak hil honen 15etik azaroaren 15era bitartean aurkeztu behar dira, Urkomen bertan; Azpeitian du bulegoa erakundeak.
Sei ataletan banatuta
Orain bi urte, 2009an, antolatu zituzten aurreneko Urkome Sariak. Hamasei proiektu jaso zituzten orduan, eta saritutako batzuk gauzatuta edota gauzatze bidean daude. Urkomeko lehendakari Manuel Labakak azaldu duenez, bigarrengo aldian ere sei ataletan banatuta emango dituzte sariak, eta atal bakoitzeko irabazleak 3.000 euroko saria jasoko du.
Labakaren esanetan, sari hauen helburua berrikuntza alorrean eragitea eta lehen sektorea gizarteratzea dira, besteak beste. Beraz, ondorengo irizpideak izango dituzte kontuan: ideia berritzailea izatea, berrikuntzak aurreikustea, teknologia berrien aplikazioa aurreikustea, bideragarritasun ekonomikoa, enplegua sustatzea, berdintasuna bultzatzea, eta egitasmoa aurrera eramango dutenak gazteak izatea.
II. Urkome Sariak
Oinarriak
Sarituko dituzten 6 atalak:
- Nekazaritza jardueraren garapena.
- Landa eremuetako bizi kalitatearen hobekuntza.
- Jarduera ekonomikoaren dibertsifikazioa.
- Landa eremuak betetzen dituen funtzioen zehaztapena eta errekonozimendua.
- Sari berezia, irekia. Boto bidez erabakiko dutena.
- Ingurugiro Etxea Fundazioak emango duena.
Sariak. Atal bakoitzean 3.000 euro.
Eremua. Urola Kostan garatutako proiektua izan behar du.
Proiektuak. 2011n egitasmoa aurkeztu, baina gauzatu gabe dutenak.
Parte-hartzaileak. Erakunde, elkarte eta partikularrak, edota sektoreko enpresak.
Dokumentazioa. Batetik, datu pertsonalak edota elkartearenak, eta, bestetik, egitasmoaren gaineko informazioa.
Egitasmoak aurkezteko epea. Urriaren 15etik azaroaren 15era.
Aurkezteko tokia. Urkome (Enparan 1-2, 20730 Azpeitia. Telefono zenbakia:
943-81 65 00).