Amaia Vazquez psikologoak Guraso Eskolak emango ditu Getarian

Getariako Hitza 2011ko urr. 11a, 10:31

Getariako Udalak Guraso Eskola antolatu du beste urte batez. Zero eta hamabi urte bitarteko haurren gurasoei zuzendu dizkie eskolak, eta ikasturtean hainbat gai jorratuko dute; haurren lotura afektiboak eta atxikimendua, sexualitatea, komunikazioa, agr...

Getariako Udalak Guraso Eskola antolatu du beste urte batez. Zero eta hamabi urte bitarteko haurren gurasoei zuzendu dizkie eskolak, eta ikasturtean hainbat gai jorratuko dute; haurren lotura afektiboak eta atxikimendua, sexualitatea, komunikazioa, agresibitatea, jolasen garrantzia, ikuspuntu prebentiboa, elikadura, edota emozio eta lotura psikosomatikoa izango dira landuko dituzten gaietako batzuk.
Antolatzaileek adierazi dute parte-hartzaileek dituzten «zailtasun, eskari eta ezaugarrien arabera» zehaztuko dituztela egingo dituzten ekintzak. Hala, metodologia parte-hartzailea eta irekia izango dutela abiapuntu adierazi dute.
Bi talde, adinaren arabera
Eskoletan parte hartzeko hurrengo ostiralera bitartean eman daiteke izena. Behin epea amaituta, bi talde mugatu osatuko dituzte, eta gutxienez 12 kide beharko dira taldea eratzeko. Seme-alaben adinaren arabera antolatuko dituzte taldeak; zero eta zortzi urte bitarteko umeen gurasoek 14:30etik 16:00etara izango dituzte eskolak; bederatzi eta hamabi urte bitartekoenek, berriz, 18:00etatik 19:30era jasoko dituzte. Talde guztiak asteazkenetan elkartuko dira, Iturzaeta
Herri Eskolan, eta guztira bederatzi saio egingo dituzte. Amaia Vazquez psikologian lizentziadunak emango ditu eskolak. Izena emateko orria, eta informazio gehiago, Getariako Udalean edo www.getaria.net helbidean aurki daiteke.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide