Urriaren 21ean lehen sorospen ikastaroa eskainiko du DYAk Zarautzen, doan. DYAren egoitzan izango da (Iturribide, 12-14), 19:00etatik 21:00etara.
Prebentzioaren garrantzia du oinarri hitzaldiak. “35 urtez larrialdiez arduratzeak zera erakutsi digu: zaintza dela istripuak gutxitzeko eta gaixotasunak saihesteko gakoa”, azaldu dute ordezkariek. Bide horretatik, Ohiko larrialdien aurrean nola jokatu izenburupean, hainbat egoeraren aurrean zer egin irakatsiko dute; konortea galtzean, bularreko mina edo konbultsioak ikustean, eta zauri, erredura edo traumatismoen aurrean, besteak beste.
Formatu parte-hartzailea izango du hitzaldiak. Hau da, eduki teorikoa eskaintzeaz gain, mahai-ingurua egingo dute.
Argibideetarako, 943-46 46 22 telefonora dei daiteke, edo irakaskuntza.eskola@DYAgipuzkoa.com-era idatzi.