Harri Handien Txapelketa bertan behera utzi dute, parte-hartze faltagatik

Urola Kostako Hitza 2011ko urriaren 11

Bihar zuten jokatzekoa Euskadiko Harri Handien Txapelketa, baina bi harri-jasotzaile baino ez dira agertu lehiatzeko prest: Aimar Irigoien errezildarra eta Unai Lertxundi aiarra. Bihar Martunenen (Donostia) egitekoa zuten proba, baina antolatzaileek momentuz bertan behera uztea erabaki dute. Federazioaren araudiaren arabera, gutxienez hiru harri-jasotzaile aritu behar dira lehian. Unai Bertiz eta Urtzi Telleria Telleria II.-a lehiatzeko izena emanda zeuden, baina atzera egin dute. Herri Kiroletako Federazioak txapelketa beste egun batean jokatu edo ez erabaki beharko du orain. Harri Handien Txapelketan hiru minutuko txandan, 200 kiloko errektangularrarekin, 175 kiloko zilindroarekin, 150 kiloko kubikoarekin eta 125 kiloko bolarekin egin behar izaten dute lana. Irigoien izan da azken urteetan harri handien proban txapeldun; lau txapel ditu. Iaz erraz irabazi zuen. Errezildarraren ustez, norgehiagoka aurrerago ere ez egitea erabakiko dute. Eta «pena» dela dio: «Jende asko biltzen duen txapelketa da, eta jokatu gabe gelditzea pena da guretzako». Orain ere irabazteko aukera zuela uste du Irigoienek: «Puntu-puntuan ez nago, baina lan ona egiteko moduan ikusten dut nire burua». Lehiatu beharrean, erakustaldia egingo dute bihar. Atzetik Joseba Ostolaza zestoarra izan zuen iazkoan. Aurten, ordea, Ostolaza txorkatilean min hartuta dago, eta osatzen ari da. Uda osoan ez du plazarik egin. «Lau hilabete inguru dira min hartu nuela. Txorkatila puskatu nuen, eta uda osoa galdu dut», dio harri-jasotzaile zestoarrak. «Plazaratzeko gogoarekin» Harriak plazan jasotzeko «gogoz» dago Ostolaza. «Neu neure kasa harri-jasotzen banabil, baina oraindik hankan bi torloju ditut sartuta, eta kendu arte ez naiz plazaratuko». Harri Handien Txapelketan aritzeko moduko harri-jasotzaileak atzetik badatozela dio zestoarrak, eta garai batetik lehiaketa «arinduta» dagoela uste du. «Ni hasi nintzenean, Goenatxo-eta ibiltzen zirenean, 25 kilo gehiagoko harriak jasotzen genituen».

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide