Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Orioko Udalak Ingurumen Aholku Batzordea sortu nahi du, herriko ingurumen gaiak lantzeko asmoz; Topagune berdea izango du izena taldeak, eta taldearen funtzioa Udaleko Ingurumen Batzordeari aholkuak ematea izango da.
Taldea iraunkorra izango da, eta jarraipena izango du, Orioko alkate eta ingurumen zinegotzi Beñat Solaberrietaren esanetan. Herritarrei interesa edo kezka sortzen dien gaiak landuko dituzte. Haien inguruko azterketa egingo dute lehendabizi; gero, ondorioak aterako dituzte, eta horietatik abiatuta, proposamen zehatz batzuk egingo dituzte, ingurumen zinegotziaren arabera.
Herriko elkarteetako kideek eta adituek osatuko dute aholku batzordea, eta taldea guztiz irekia izango dela nabarmendu du Solaberrietak. Gaur egingo dute lehendabizko bilera, 19:00etan, kultur etxean. Edonor joan daiteke bertara. Udalak adierazi du Orioko Zero Zabor taldea, Herrio Natur Taldea, eta Surf taldea parte hartzera gonbidatu dituela. Gaur hasiko dira zehazten taldearen funtzionamendua eta landuko dituzten gaiak. Udal Gobernuak hondartza, Motondo eremua edota zabor kudeaketaren ingurukoak lantzea proposatu du, beste batzuen artean. Hala ere, Solaberrietak argitu du guztien artean adostuko dituztela estrategikoak izan daitezkeen gaiak. Ondoren, ateratako proposamenak
Ingurumen Batzordearen
«gaitegiaren parte» izango dira. Proposamenak hasiera batean ez dira izango lotesleak, eta «politikariaren araberako eragina» izango dute.
Garrantzia gehitu
Aholku batzordearen bidez ingurumen gaiei garrantzia handiagoa eman nahi die Udalak: «Orain arte, oro har, ingurumen gaiak momentu jakinetan bakarrik jorratu dira. Baina gaia orokorra dela uste dugu, eta interes berezia du. Gainontzeko gaiei ematen zaien trataera bera izan behar duela uste dugu». Topagune berdea ingurumenari buruzko kezkak zentralizatzeko gunea izan dadin nahi du Udalak. Hala adierazi du Solaberrietak.