Txirrindularitza denboraldia bukatzear da, eta lasterketa nagusiak jada jokatuta eta erabakita daude. Baita Tropela.net webguneko kinielak ere. Aurtengo irabazleak txalotzeko asmoz, Tropela Elkarteak sari banaketa ekitaldia egin zuen, joan den ostiral arratsaldean, Etxezabala eraikineko erabilera anitzeko aretoan. Arritxu Iribar kazetariak gidatu zuen ekitaldia, Tropelako kide Egoitz Lizasoren laguntzarekin.
Euskaltel-Euskadi taldeko Koldo Fernandez de Larrea txirrindulari profesionala aritu zen sariak banatzen, eta irabazleek, besteak beste, teknologia aparatuak, jakiz beteriko otarrak, otorduak eta kirol arropak jaso zituzten opari gisa. Milagros Sudupe azkoitiarrak eraman zuen sailkapen nagusiko sari potoloa: iPad-a eta Jakion etxeko produktuez hornitutako otarra, hain zuzen ere. lehen postuetan parekotasun handia izan da aurten; txapeldunaren eta bigarren sailkatutako Xabier Gallastegi arrasatearraren artean, 100 puntu eskaseko aldea baino ez dago egon. Azkenik, Oier Aizpurua eta Oier Aranzabal bertsolariek eman zioten bukaera ekitaldiari.
Tropela.net atariko kinielak, bien bitartean, 2012ko urtarrilean itzuliko dira; hau da, txirrindularitza denboraldi berria hastearekin batera. Aurten bezala, Paris-Niza lasterketa izango da lehen hitzordua eta, jarraian, gainerako guztiak etorriko dira: Euskal Herriko Itzulia, Ardenetako Hirukotea, Italiako Giroa, Dauphine Libere, Frantziako Tourra, Donostiako Klasikoa, Espainiako Vuelta eta Munduko Txapelketa. Parte-hartzaileei dagokienez, marka guztiak hautsi ditu aurten Tropelak. Esaterako, Frantziako Tourrak izan du parte-hartze gehien, 12.739 kinielarekin.
Tropelak 2005ean eman zituen bere lehen pedalkadak, eta, urtez urte, lehiaketak gehitzen joan da. Hala, Tropelaren ibilbidea laburbiltzen duen ikus-entzunezkoa eman zuten sari banaketa ekitaldian. Izan ere, lehiaketez aparte, Tropela txirrindularitzari buruzko euskarazko webgunea da. Bertan, lasterketen jarraipena egiten dute, iritzi artikuluak argitaratuz eta erabiltzaileei iritzia emateko aukera eskainiz.
