Arantxa Aldalur: «‘Txikigintzan’ xumeki asko egin daitekeela uste dut»

Onintza Lete Arrieta 2011ko urriaren 7a

Arantxa Aldalur Agerrista azkoitiarra 1963an jaioa da, eta literatura arloan «belaunaldi handi batekoa», haren esanetan: «Institutuan, kinta bereko hainbat idazle ibili zen nirekin; besteak beste, Juan Luis Zabala eta Iñigo Aranbarri azkoitiarrak eta Pako Aristi azpeitiarra». Aldalurrek olerkigintzara jo zuen zuzen-zuzen, baita emaitzak lortu ere. 1980ko hamarkada erdialdetik aurrera, haren hiru lanek beste horrenbeste sari lortu zituzten: Itsas oiartzunetan oro malenkonia lanarekin, Gipuzkoako Foru Aldundiaren gaztetxoentzako saria, 1986an; Hainbat gau izarrik gabe lanarekin, Euskaltzaindia-BBKren Felipe Arrese-Beitia saria, 1989an; eta Hasperen gisa lanarekin, Lasarte-Oriako Udalaren lehiaketako lehen saria, 1996an. Gaur egun Hezkuntza teknikaria da Zarauzko Udalean, eta, ordutik lan gehiago argitaratu ez duen arren, etxeko tiraderetan makina bat istorio du gordea: «Beste bederatzi liburu ditut idatziak. Poesia da guztia, ipuin bat izan ezik». Berriki kultur arloko elkarrizketak gidatzen hasi da Urola Kostako Erlo telebistan, eta berriz piztu zaio literaturari serio heltzeko gogoa: «Urte askoan ez dut parte hartu lehiaketetan, baina orain hiru lan ditut aurkeztuak». Proiektu gehiago ere badu esku artean. Lanak argitaratzeari dagokionez, olerkigintzaren kasuan ez da erraza Aldalurrentzat: «Konplikatua da poesia argitaratzea, eta, gainera, euskaraz; oso ezaguna izan behar duzu argitaratu ahal izateko. Horrez gain, ez dakit olerki motak ere eragingo duen, nirea erromantikoa delako, intimista, eta ez dakit [...]

Arantxa Aldalur Agerrista azkoitiarra 1963an jaioa da, eta literatura arloan «belaunaldi handi batekoa», haren esanetan: «Institutuan, kinta bereko hainbat idazle ibili zen nirekin; besteak beste, Juan Luis Zabala eta Iñigo Aranbarri azkoitiarrak eta Pako Aristi azpeitiarra». Aldalurrek olerkigintzara jo zuen zuzen-zuzen, baita emaitzak lortu ere. 1980ko hamarkada erdialdetik aurrera, haren hiru lanek beste horrenbeste sari lortu zituzten: Itsas oiartzunetan oro malenkonia lanarekin, Gipuzkoako Foru Aldundiaren gaztetxoentzako saria, 1986an; Hainbat gau izarrik gabe lanarekin, Euskaltzaindia-BBKren Felipe Arrese-Beitia saria, 1989an; eta Hasperen gisa lanarekin, Lasarte-Oriako Udalaren lehiaketako lehen saria, 1996an.
Gaur egun Hezkuntza teknikaria da Zarauzko Udalean, eta, ordutik lan gehiago argitaratu ez duen arren, etxeko tiraderetan makina bat istorio du gordea: «Beste bederatzi liburu ditut idatziak. Poesia da guztia, ipuin bat izan ezik». Berriki kultur arloko elkarrizketak gidatzen hasi da Urola Kostako Erlo telebistan, eta berriz piztu zaio literaturari serio heltzeko gogoa: «Urte askoan ez dut parte hartu lehiaketetan, baina orain hiru lan ditut aurkeztuak». Proiektu gehiago ere badu esku artean. Lanak argitaratzeari dagokionez, olerkigintzaren kasuan ez da erraza Aldalurrentzat: «Konplikatua da poesia argitaratzea, eta, gainera, euskaraz; oso ezaguna izan behar duzu argitaratu ahal izateko. Horrez gain, ez dakit olerki motak ere eragingo duen, nirea erromantikoa delako, intimista, eta ez dakit modaz pasatakoa ez ote den». Harentzat ez da inoiz modaz pasatuko, ordea. Argi du hori.
Umetatik, olerkiei emana
Aurreneko liburua publikatu ziotenean, 20 urte zituen. Gogoan du Deban eskolak ematen hasia zela, irakasle lanpostua eskuratuta, baita urte ona izan zela ere: «Nik irakatsi egin nahi nuen, txikitatik horixe gustatu izan zitzaidan; gainera, ordaindu egiten zidaten. Eta saria aterata, oso urte ona izan zen». Saria Xabier Lete abeslariak eman zion, baina beste zerbaitek txunditu zuen horrek baino gehiago: «Harrituta hartu nuen irabazi izanaren berria. Diputazioa bezalako leku dotorean sartzen nintzen lehen aldia zen, eta, gainera, Xabier Letek eskua eman zidan, eta hori handia zen. Baina lana orrietan entregatu eta bueltan liburuxkan jasotzeak hunkitu ninduen gehien». Maitasunari buruz idatzi zuen lan hartan.
Umetatik olerkia irakurri izan du gehien. «Eskolan, literaturako liburu potoloen bukaera aldera ipuin, olerki eta eleberri zatiak zeuden», eta Aldalurrek, askotan, olerkiei heltzen zien gelan zegoela, haiek baitziren irakurtzeko azkarrena: «Hala sartu nintzen poesiaren munduan». Gaztelaniaz irakurri zuen hasieran: Ana Maria Matute, Juan Ramon Jimenez, Federico Garcia Lorca… mojetan ikasitakoekin hasi zen. Institutura igarotakoan, euskarari heldu zion: «Hizkuntza guztiekin hasten naizen bezala hasi nintzen irakurtzen, polizia eleberriekin. Xabier Gereño izan zen aurrena. Gero, maitasunezkoei heldu nien; ondoren, denetarik irakurtzeari ekin nion». Olerkien kasuan, klasikoetara jo zuen: «Zarautzen nago, eta Lizardi gustatu izan zait beti gehien». Lauaxeta ere asko irakurri du, baita Felipe Juaristi herrikidea ere. «Lehen, poesia erromantikorantz jotzen nuen, eta poesia soziala alboratuta neukan. Orain aldatzen ari naiz eta soziala ere gehiago gustatzen zait. Boladaka aldatuz joaten zara, pertsonak eboluzionatzen duen hein berean, uste dut». Aldaketak aldaketa, idazteko orduan «parte erromantikoa beti mantentzen dut, maitasuna gauzarik garrantzitsuena delako niretzat. Ez bikote mailakoa, unibertsala baizik. Hori beti ateratzen zait».
«Taupadaka eta boladaka» idazten du orain hogei urtetik Zarautzen bizi den azkoitiarrak. «Momentu txarrak» pasatu eta idazten ez duenean ere, «bustitzen» joaten da, blaitzen: «Ekoizten ez baina gauzak bizitzen». Eta «bete bezala» egiten den momentua iristen denean, orduan ordenatu eta atera ditzake gauzak. Hala, gogoeta horretan «hiru urtez egon» daitekeela dio, «eta gero hilabetean idatzi». Egun, proiektu asko du buruan. Lehen aipatuez gain, argitaratu zizkioten hiru liburuxkak «euskararen egungo arauetara» moldatu eta liburu bakarrean bildu ditu. Bullying-aren gaia ere lantzen ari da, «herriko ikasleei eta irakasleei laguntzeko. Txikigintzan xumeki asko egin daitekeela uste dut». Egindako lanak argitaratu egin nahi lituzke, ordea: «Nik ez dut idazten lanak tiraderan gordetzeko. Gauzak partekatzekoa naiz».

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide