Bilduren jardunaren balorazioa egin du EAJk: «Ez du gainditu, eskas dabil». Koalizioari «umiltasuna falta» zaiola dio, eta «harrotasunetik harago, politika egiteko beste moduak daudela». Horrez gain, Bildu elkarrizketarako eta akordioetara iristeko «itxita» agertu dela dio. Hori dela eta, Bilduren jarrera «kaltegarritzat» jo dute EAJko ordezkariek. Alderdiko bozeramaile Imanol Lasaren arabera, Bilduk Udala «ez du bide onetik eramango»: «Jarrera itxia erakutsi dute, eta jarrera horrek ez du onurarik ekarri ezta ekarriko ere». Izan ere, EAJko zinegotziek «behin eta berriz lankidetzarako prest» agertu dira eta «oraindik ez» dute erantzunik jaso.
Bestalde, Bilduko ordezkariek «gehiegikeria» ugari esan dituzteladio Lasak. EAJ, ordea, dinamika horretan ez dela sartuko nabarmendu du: «Guk ez dugu haserrea erakutsiko. Gu lanerako prest gaude. Egun bizi dugun egoera ekonomiko eta politikoan talde lana egin beharra dago». Era berean, «mahai gainean informazio gutxi» jarri duela dio, «justua». «Tasa eta zergen kasuan, esaterako, azken astean pasatu ziguten txostena, eztabaidarako inongo aukerarik eman gabe». Bilduk Aralar-EBren babesa duela gogoratu du Lasak, eta ondorioz, plenoetako aztergai ugari gehiengoz onartzen dituztela: «Horrek ez du esan nahi herritarren gehiengoaren honespena dutenik. Kalean beste zerbait esaten da». Hori dela eta, «martxa hartzeko garaia» dela dio Lasak: «Ideiak eta proposamenak elkartrukatzeko garaia da, jarrera konstruktiboa izateko garaia».
Proposamenak
Horren aurrean, hainbat proposamen egin du. Legealdirako kudeaketa plan bat zehazteko eskatu dio Bilduri: «Dirusarrerak definitzen ari dira baina oraindik ez dakiguzertan inbertitu nahi duen. Horregatik, ildo estrategikoak eta lehentasunak zehazteko eskatzen diogu». Horri lotuta, politika soziala bultzatu behar dela dio: «Orain arteko emaitzak positiboak izan dira, jendea ongi artatu da eta ondorioz egindako inbertsioak eraginkorrak izan dira. Bide horretatik jarraitu behar dugu, garai ekonomiko gogor hauetan egoera larrian daudenak babeste aldera».Horrez gain, jarduera ekonomikoa sustatzea «garrantzitsua» deladio. Hori dela eta, «Errotaberri eta Irita bultzatzea beharrezkoa» da. Definituta dauden proiektuak «errealitate» bilakatu behar dutela nabarmendu du.