Alex Urangak Reunioneko txapelketa nagusia irabazi du

Urola Kostako Hitza 2011ko urriaren 7a

"Aupa Manu!" oihukatuz garaipena anaiari eskaini dio Alex Urangak. Reunioneko txapelketa nagusia irabazi du bodyboarder zumaiarrak. Joan den astean trialsetan irabazi ondoren, txapelketa nagusian aritu da aste osoan eta gaur goizean final-laurdenetatik hasi eta finalera bitartean, ez du aurkaririk izan. Banan-banan garaitu ditu guztiak. finalean Jake Stone australiarraren aurka lehiatu da, eta, egia esan, ez dizkio gauzak erraz utzi. Saioa amaitzeko 5 minuturen faltan Stone aurretik zihoan, 14.85 punturekin, eta Urangak 14.20 puntu zituen. Garaipena eskuratzeko, 7.20 puntuko olatu bat behar zuen. Jarri eta lortu. Zumaiarrak 7.60 puntuko olatua menderatu eta 15.25 punturekin txapeldun izan da. Euforiaren txanda etorri da jarraian. Uretako motorrean buelta pare bat eman diote, eta itsasertzera eraman dutenean, Ikurriña jarri du zintzilik lepoan eta txapela buruan. Sari banaketan emozioz beteta zegoen, eta berak ere oso gustura zegoela aitortu du. Adierazpenak "Aupa Manu!" oihukatuz biribildu du, gainera.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide