«Hondakinen arazoari irtenbidea emateko oinarrizkoa da herritarren konpromisoa»

Zarauzko Hitza 2011ko urriaren 6a

Udal Gobernuak bosgarren edukiontziaren erabilera sustatze aldera, sentsibilizazio kanpaina abiaraziko du. Horrez gain, beste hainbat neurri hartuko du, ingurumena eta herritarren osasuna babeste aldera. Ingurumeneko zinegotzi Alizia Osak (Bildu) «konfiantza osoa» du herritarrengan. Pasa den astean, ordenantza fiskalak zehaztean, bosgarren edukiontzia erabiltzen ez dutenei zerga %20 igotzea erabaki zenuten. Zergatik hartu duzue neurri hori? Normalitatearen ideia aldatu nahi dugu; hori lortu nahi dugu. Orain arte lau edukiontzi erabiltzea zen ohikoa, eta organikoa bereiztea, aldiz, salbuespena. Horregatik, hobaria eskaintzen zitzaien ahalegin hori egiten zutenei. Europako zuzentarauei jarraituz, 5.000 biztanletik gorako herri guztietan biohondakina bereizita jaso behar denez, hondakinak bereizi nahi ez dituenari %20ko igoera ezartzea erabaki dugu. Organikoa bereizten dutenek, beraz, 96 euro ordainduko dituzte, eta aurreko urtean ordaindu beharreko tasan ez dute ia aldaketarik izango. Birziklatzeko ahalegina egin nahi ez dutenei soilik aplikatuko zaie %20ko igoera, eta, ondorioz, 113 euro ordaindu beharko dute. Birziklatu nahi ez dutenei ulerterazi nahi diegu euren jokabidea ez dela arduratsua, eta hondakin nahastuen tratamendua nabarmen garestiagoa dela. Zarauztarrek hondakinak bereizteko joerarik ez al dute? Zenbatekoa da tasa? Zergatik gertatzen da hori? Esku artean ditugun datuen arabera, Zarauzko birziklatze tasa %20 inguruan dago. Birziklatzen dugula esaten dugu, baina datuek beste zerbait erakusten digute: oraindik asko dugula [...]

Udal Gobernuak bosgarren edukiontziaren erabilera sustatze aldera, sentsibilizazio kanpaina abiaraziko du. Horrez gain,
beste hainbat neurri hartuko du, ingurumena eta herritarren osasuna babeste aldera. Ingurumeneko zinegotzi Alizia Osak (Bildu) «konfiantza osoa» du herritarrengan.
Pasa den astean, ordenantza fiskalak zehaztean, bosgarren edukiontzia erabiltzen ez dutenei zerga %20 igotzea erabaki zenuten. Zergatik
hartu duzue neurri hori?
Normalitatearen ideia aldatu nahi dugu; hori lortu nahi dugu. Orain arte lau edukiontzi erabiltzea zen ohikoa, eta organikoa bereiztea, aldiz, salbuespena. Horregatik, hobaria eskaintzen zitzaien ahalegin hori egiten zutenei. Europako zuzentarauei jarraituz, 5.000 biztanletik gorako herri guztietan biohondakina bereizita jaso behar denez, hondakinak bereizi nahi ez dituenari %20ko igoera ezartzea erabaki dugu.
Organikoa bereizten dutenek, beraz, 96 euro ordainduko dituzte, eta aurreko urtean ordaindu beharreko tasan ez dute ia aldaketarik izango. Birziklatzeko ahalegina egin nahi ez dutenei soilik aplikatuko zaie %20ko igoera, eta, ondorioz, 113 euro ordaindu beharko dute. Birziklatu nahi ez dutenei ulerterazi nahi diegu euren jokabidea ez dela arduratsua, eta hondakin nahastuen tratamendua nabarmen garestiagoa dela.
Zarauztarrek hondakinak bereizteko joerarik ez al dute? Zenbatekoa
da tasa? Zergatik gertatzen da hori?
Esku artean ditugun datuen arabera, Zarauzko birziklatze tasa %20 inguruan dago. Birziklatzen dugula esaten dugu, baina datuek beste zerbait erakusten digute: oraindik asko dugula egiteke. Are gehiago, etxean sortzen ditugun hondakinen %90etik gora birzikla daitekeela jakinda.
Datua iraultzeko sentsibilizazio kanpainak abiaraziko ditugu, herritarrak are gehiago kontzientzia daitezen. Pizgarri ekonomikoak eskaintzeaz eta neurri administratibo zehatzak hartzeaz gain, hondakinen arazoari aterabidea birziklatzetik, berrerabiltzetik eta murriztetik eman behar zaiola erakutsiko dugu. Arazoak ez baitu konponbide magikorik: ematekotan, herritarren kontzientziazio eta arduratik emango zaio konponbidea, ez teknologia kutsakor eta toxikoetatik.
Zein neurri hartuko dituzue,
zehazki?
Geuk herritarrengan konfiantza osoa dugu, eta hondakinen arazoari irtenbidea emateko gakoak haien arduran eta konpromisoan oinarritu behar direla uste dugu. Zentzu horretan, sentsibilizazio kanpainak maila asko izango ditu, ahalik eta zarauztar gehienengana heltzeko. Hala, urtea amaitu baino lehen herriko auzo guztietan organikoa bereizteko ikastaroak eman nahi ditugu, eta edukiontziaren giltza eskatzeko prozedura administratiboa ere azkartu. Era berean, autokonposta sustatuko dugu lurrak eta baratzeak dituztenen artean. Hobaria ezarriko diegu ahalegin hori egiten dutenei, eta hondakinak kudeatzeko modu anitzak aztertuko ditugu herritarrekin. Haurrengana heltzeko ere ikastaroak eskainiko ditugu ikastetxeetan. Bestalde, kaleko paperontziak ere aldatuko ditugu, hondakinak bereizita jaso ahal izateko.
Neurriok erantzun ona izango dutela uste al duzu?
Herritarrengan eta hauen konpromiso eta borondate onean konfiantza osoa dugu. Herritar gehienek badakite XXI. mendean, eta sortzen dugun hondakin kopuruaren aurrean, selektiboak izatea eta arduratsu jokatzea dela gizalegezko konponbide arrazional bakarra. Ez dut zalantzarik herritarren erantzunean, inork baino hobeto baitakite orain arteko arduragabekeria orokorragaren ondorioz dagoela Urtetako zabortegia egoera txarrean.
Zein onura ekarriko du jendeak hondakinak bereizita jasotzeak?
Hondakin guztiak nahasita botatzeak, arduragabekeria horrek, sortu ditu zabortegietan arazoak. Organikoaren lixibiatuek eragiten dituzte Urtetako kiratsak, eta elikagaien arrastoak dira kaioak hurbilarazten dituztenak. Biohondakina sailkatzeko egin behareko ahalegina txikia da herritarrentzat, baina urrats handia da herritar guztion osasunean eta bizi kalitatean. Hala, osasunak eta ingurumenak irabazten du. Zenbat eta birziklatze tasa altuagoa lortu, gizalegeari eta heziketari dagokionean ere irabazten duela erakutsiko du. Udal ordezkariok herritar arduratsuengan konfiantza osoa dugu, eta badakigu arazo larri honen aurrean dagokien bezala erantzungo dutela.
Bosgarren edukiontziaren erabilera sustatzeak ez du esan nahi zabortegia ixtea nahi duzuenik, ezta? Luzera begira zerbait egitea aurreikusi al duzue?
Bilduk konpromiso sendoa du Urtetako zabortegia ixteko. Ez gara beste alderdi politiko batzuen amarruan eroriko, ordea. Haiek Urtetako mamua erraustegia ezinbestekoa dela esateko erabiltzen dute, eta geuk ez dugu bat egiten, inondik inora, horrekin. Geuk Urtetako zabortegia, egun ezagutzen dugun bezala, ixteko borondatea dugu. Horretarako, ekimenak abiarazteaz gain, Foru Aldundiko ingurumen arduradunari ere hori eskatu diogu. Ez diogu itxiera faltsu bat eman nahi, ez dugu Urtetakoa beste norabaitera eramaterik nahi: Urtetakoa inon ez errepikatzea nahi dugu.
Gipuzkoan hondakinen arazoari konponbide osoa eman nahi diogu, eta ildo horretatik, bilketa egiteko moduari eta birziklatzeari heldu behar zaio lehenik. Geu lehen urratsak ematen ari gara, baina ez gara lehen urrats hauetan geratuko.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide