Aske da Xabier Etxeberria

Urola Kostako Hitza 2011ko urriaren 6a

Aske da Xabier Etxeberria Jauregi Txapi (Azpeitia, 1975). Gauean da iristekoa herrira. Espainiako Auzitegi Nazionalak absolbitu egin du , ETAk Lakuntzako Universal dantzalekuaren kontra egindako atentatuan ez zuelakoan parte hartu. Manuela Fernandez, Nicolas Poveda eta Ramon Saez Valcarcel epaileek ez dituzte kontuan hartu inkomunikazio garaiko deklarazioak. Aldiz, Luis Mariñelarenari eta Roberto Lebrerori kartzela zigorra jarri diete, 25na urtekoa. Atzo atera zuten autoa. Epaiketa izan eta astebetera. Atzo astebete epaiketa Joan den astean, irailaren 29an hain justu, izan zen hiruren aurkako epaiketa Espainiako Auzitegi Nazionalean, eta Mariñelarenak eta Lebrerok esan zuten Etxeberriak ez zuela hartu parte Lakuntzako dantzalekuaren kontrako erasoan. Fiskaltzak, ordea, atxilotutakoan Mariñelarenak eta Lebrerok Espainiako Poliziaren aurrean egindako deklarazioetan oinarritu zuen azpeitiar presoaren aurkako akusazioa —38 urteko kartzela eskaera—. Mariñelarenak eta Lebrerok epaiketan zioten inkomunikazio aldian eta torturapean egindako deklarazioak izan zirela. Epaileak aintzat hartu du hori, eta Etxeberria aske laga du. ETAk 2001eko irailaren 27an jarri zuen lehergailua Lakuntzako Universal diskotekan, eta kalte material handiak eragin zituen. Etxeberria 2003ko urtarrilaren 17an atxilotu zuen, Frantziako Poliziak Bourges herrian, ETAko kidetzat jota. 2009ko maiatzean Espainiaratu egin zuten, eta Teruelgo kartzelan (Espainia) zegoen —epaiketa dela-eta Madrilgo Valdemoro espetxera eramana zuten—.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide