Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Urola Kostako Enpresen Lehiakortasun Planeko bigarren fasea aurkeztu zuen atzo Urola Kostako Udal Elkarteak. Datorren astean ekingo diote fase horri, eta 2012ko uztailera bitartean eramango dute aurrera, Aia, Getaria, Orio,Zarautz eta Zumaiako enpresetan. Eskualdeko ekonomiaren eta enpresen garapena bultzatzeko asmoz jarraituko dute ekimenarekin. «Enplegua sortu eta desenplegu tasa altuei aurre egin ahal izateko, ezinbestekoa izango da eskualdeko enpresa ehunaren lehiakortasuna areagotzeko ekimenak bultzatzea», adierazi du Amaia Guruzetak, Udal Elkarteko lehendakariak. Lehiakortasun Planeko koordinatzaile Oihana Iribarrek nabarmendu du egitasmoa eskualdeko enpresek «eskura» duten tresna dela. Bide horretatik, bigarren fasean «gertutasunak» garrantzia berezia izango du, enpresen parte-hartzea «erronka» delako Udal Elkartearentzat. Hala, abendura bitartean eskualdeko 275 enpresa bisitatuko dituzte, eta elkarrizketak egingo dizkiete, gaitasunak edota aukerak ezagutu ditzaten. Oraingoan industria sektoreak izango dutela lehentasun esan dute.