Gurekin Jai festa batzordeko kide batek Auzitegi Nazionalera deklaratzera deitu dute. Gaur zen deklaratzekoa. «Terrorismoa goratzea» egotzi diote zarauztarrari. Hori dela eta, batzordeko kideek babesa eta elkartasuna adierazte aldera, agerraldia egin zuten atzo arratsaldean. «Eraso berri horren aurrean haserre eta amorratuta» daudela nabarmendu zuten: «Euskal Herriko txoko anitzetan gertatu den moduan, Gurekin Jaien oinarrian dugun elkartasunaren aurkako beste urrats bat gehiago baita. Herritik urrun dauden herritarrenganako elkartasuna ez baita delitua».
Ildo horretatik, batzordeak «eraso konstante» horien aurrean «sinesten» dituzten «balio eta aldarrikapenak» defendatzen jarraitzeko «konpromiso irmoa» hartu du: «Espainiako gobernua preso eta iheslarienganako elkartasun adierazpen oro kriminalizatu nahian ari da, baina agerikoa da ez dutela elkartasun hau suntsitzea lortu ezta lortuko ere».
Hala, aurrerantzean festa «parte-hartzaileak, parekideak eta aldarrikatzaileak» antolatzen jarraituko du Gurekin Jai batzordeak: «Ozen esan nahi dugu eraso hauek etetea eta jaiak bakean eta lasaitasunez igarotzea gure eskubidea dela».
Auzolana eta elkartasuna
«Auzolana eta elkartasuna» dira Gurekin Jairen «oinarrizko balioak». Hori hala, «urteak» daramatza «herritar ororentzat» jaiak antolatzen. «Sistema kapitalista patriarkalak indartzen dituen balio sistematik, hau da, indibidualismotik, lehiakortasunetik eta kontsumo basatitik, besteak beste, kanpo lan egitea dugu helburu», nabarmendu zuten atzo egin zuten agerraldian.
Jakinarazi zutenez, «balio horiek oinarri hartuta» antolatu dituzte aurten ere sanpelaiotako eta euskal jaietako ekitaldiak: «Urtero bezala, festa eta giro ona aldarrikapenarekin uztatuta egitarau aberatsa eraman dugu aurrera. Eskuz esku aritu gara lanean hainbat eta hainbat herritarrekin». Besteak beste, Arraio irratiko kideekin, gazte independentistekin, arraun elkartekoekin, feministekin eta preso eta iheslarien elkartasunaren aldeko herritarrekin aritu dira elkarlanean. «Geroz eta herritar eta talde gehiagok parte hartuz, eta orduan eta festa koloretsuagoak antolatuz ari gara lanean», adierazi zuten.
«Indar polizialek», ordea, euren «ahalegin, ilusio eta lana oztopatu» dutela salatu zuten: «Muntatze egunetan inguruan izan ditugu poliziak, agerian edota ezkutuago batzutan». San Pelaio jaietan «egitarauaren erdi-erdian» txosna gunean «jarrera harroputzez giro txarra eta ondoeza sortu» zutela gogoratu zuten batzordeko kideek, «etengabeko presioa eraginez eta probokatuz». «Hori gutxi balitz, Gurekin Jaiko kide bat Auzitegi Nazionalera ditu dute deklaratzera, terrorismoa goratzea leporatuta», salatu zuten.
Bilduren «babes osoa»
Bilduk ere «babes osoa» azaldu dio Auzitegi Nazionalera deklaratzera deitu duten Gurekin Jaiko kideari. Koalizioaren iritziz, «onartezina ez ezik, ulertezina» da «pankarta batean geure senide eta lagunen argazkiak daudelako» herritar bat Auzitegi Nazionalera deklaratzera deitzea.
«Ulertezina da, herri honetan bake urratsak ematen diren garaiotan, oraindikherritarrak, Ertzaintzaren salaketetan oinarrituta, Auzitegi Nazionalera deklaratzera joan behar izatea», nabarmendu du. Era berean, «ulertezina, onartezina eta mingarria» da Bildurentzat «Espainiako justiziak, Euskal Herriko hainbat polizia indar eta alderdi politikoren babesarekin, garai zaharretako errezetak eta aitzakiak erabiltzea zarauztarrak jazartzeko».
Hori dela eta, Auzitegi Nazionalaren «inpunitatearekin amaitu» behar dela nabarmendu du Bilduk: «Bildu euskal herritar bakar bat gehiago tribunal arrotzetik pasa ez dadin ari da lanean». Izan ere, «bakearen unea» dela dio.
Ildo horretatik, Auzitegi Nazionalera deklaratzera joan zen herritarrari babesa erakusteaz gain, Gurekin Jai batzordeak «herri honen dinamizazioan egindako lana» balorean jarri du Bilduk.