Mikel Markezek ostiralean aurkeztuko du disko berria

Urola Kostako Hitza 2011ko urriaren 4a

Mikel Markez musikariak Hiri hartan izan zen diskoa aurkeztuko du etzi; bere bederatzigarrena. Udan grabatu du lan berria Aiako bizilagunak, eta Elkar argitaletxearen eskutik emango du argitara. Hamaika abestiz osatutako diskoa da. Ohiko moduan, gitarra alboan izan du Markezek diskoa sortzerako orduan: «Nire ibilbidearen jarraipena da disko hau. Ahotsa eta gitarra ditu bizkarrezur. Hala ere, Pello Ramirezek eta Arkaitz Minerrek konbinazio berezia egiten dute hainbat tresnen bidez», adierazi du musikariak. Uztailean grabatu zuen diskoa, Jean Phocasen zuzendaritzapean. 1990eko hamarkada hasieratik jardun dute elkarlanean biek, eta oraingoan, gainera, Phocasek baxuarekin hartu du parte diskoan. Hainbat kolaboratzaile izan du ondoan: Iñaki Salvador, Eduardo Baranzano eta Erramun Martikorena. Uxue Alberdi bertsolariak eta idazlea eta Eñaut Elorrieta Ken7 taldeko abeslariak Hiri hartan izan zen abestian kantatu dute, eta Eneritz Aulestia zarauztarra ere aritu da kantuan.    

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide