Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Hondartza eremuan Udalak sustatutako lau etxebizitza tasatu daude, eta Orioko Kale Nagusiko sustapen pribatuko 25 etxebizitza tasatu, eta guztiak esleitzeko lehen oinarriak onartu ditu Udalbatzak. Hondartzako etxebizitzen oinarriak EAJren eta Bilduren aldeko botoekin onartu zituzten. Orain plataformak kontra bozkatu zuen, «Orion etxebizitzaren plangintza eta alokairu sozialari buruzko politika ezarri arte sustapen publikoko etxebizitzen salmenta bertan behera utz dadin» nahi dutelako.
Hogeita bost etxebizitzei dagokienez, bi Udalaren menpekoak izango dira, printzipioz. Baina EAJk eta Orainek etxebizitza guztiak saltzea proposatu zuten, hala, lortutako diruarekin ludoketa egiteko, eta soberakina egongo balitz, estalitako jolas-parkea egiteko. Bilduk aurka bozkatu zuen, Udalaren esku geratuko liratekeen bi etxebizitzei «erabilera soziala» emateko asmoa dutelako.
Etxebizitzen oinarriak onartu baldin bazituzten ere, baldintzatako bat ez dute onartu, eta Udalbatzak mahai gainean utzi du. Udal etxebizitza tasatuak arautzen dituen 9. artikuluan erroldatze baldintzak aldatzea proposatzen zen. Orain arte, etxebizitza tasatuak lortzeko, Orion hamar urtez jarraian edo hamabost urtez tartekatuta erroldatuta egon behar zen.
Etxebizitzak errazago saltzeko asmoz, bost urtez jarraian erroldatuta egotea edo zazpi urtez, tartekatuta, erroldatuta egotea proposatu zuen; horri dagokion baldintza aldatzea, beraz. EAJk, ordea, bi aukerak baliogarri izatea proposatu zuen, beti ere Orion urte gehien errolatuta dagoenari lehentasuna emanda. Halaber, Udalak azkenekoz 75 etxebizitza esleitu zituela gogoratu zuen EAJko ordezkari Jon Redondok, eta horietan izena emanda zeuden herritar batzuk zerrendan sartu gabe geratu zirela jakinarazi zuen. Haiei lehentasuna ematea proposatu zuten jeltzaleek.
Orainek ere egoki jo zuen EAJren proposamena aztertzea. Beraz, hasiera bateko aldaketa ez du onartu Udalbatzak, Bilduk bakarrik eman baitu baiezko botoa.