Joan den larunbatean Uema Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak Zuzendaritza Batzorde berria aukeratu zuen. Batzar Nagusia Zestoan egin zuten, eta Bergarako Udaleko alkateorde Maren Belastegi aukeratu zuten zuzendari. Zuzendaritza berriko kideen artean Urola Kosta eskualdeko bi ordezkari izango dira: Iñaki Agirrezabalaga (Zumaia, Bildu) eta Josetxo Mendizabal (Zestoa, EAJ).
Uemak zuzendaritza batzordean hamar kide izango ditu, eta horietatik bost, tartean presidentea, Bildukoak izango ditu: Belastegiz eta Agirrezabalagaz gainera, Miren Irigoien (Oiartzun, Gipuzkoa) Mikel Ansotegi (Aulesti, Bizkaia) eta Eneka Maiz (Etxarri-Aranatz, Nafarroa). EAJk, berriz, bi kide izango ditu: Mendizabalez gainera, Lexuri Arrizabalaga (Gatika, Bizkaia). Independenteak ere bi izango dira: Asier Mujika (Arama, Gipuzkoa) eta Oibar Egia (Gizaburuaga, Bizkaia). Aralarrek ordezkari bakarra izango du: Jon Abril (Bera, Nafarroa).
Beraz, Uemako zuzendaritzan gehiengoa Bildukoa izango da. Baina oraingo honetan EAJko bi kidek hartu dute kargua; izan ere aurreko agintaldian alderdi jeltzaleak ez zen sartu zuzendaritzan.
Larunbatean Zestoako kultur etxean egin zuten batzarra, eta 61 udaletako 112 ordezkari zeuden parte hartzera deituta. Urola Kosta eskualdeko 11 udalerritatik sei daude Ueman.
Getaria 2009tik kanpoan
2009an Getariak Uematik irtetea erabaki zuen. EAJren aldeko botoekin atera zen. 2003tik, sei urtez, izan zen mankomunitateko kide. Garai hartan Getariako alkate zen Andoni Aristiren (EAJ) arabera, era horretan dirua aurreztuko zuen Udalak.