Udalbatzak atzera bota du pasa den asteazkeneko osoko bilkuran EAJk aurkeztutako mozioa; Urtetako zabortegia ixteko eskatu zuten jeltzaleek. Udalak Urola Kostako Udal Elkarteari, Gipuzkoako Foru Aldundiari eta Gipuzkoako Hondakinen Partzuergoari «hondakinen tratamenturako aurreikusitako azpiegitura guztiak martxan jarri, eta hartutako konpromiso guztiak bete ditzaten» eska diezaien proposatu zuen alderdi jeltzaleak.
Era berean, Zarautzen «luzamendu posiblerik ez» dagoela esan zuen: «Udalerrian eraikitako zabortegia gainezka dago, eta bereak egin du». Bilduk eta Aralar-EBk mozioaren kontra bozkatu zuten; EAJk, PSE-EEk eta PPk, berriz, alde.
Bilduren esanetan, EAJk Urtetako zabortegiaren itxieran duen interesa «ekonomikoa eta alderdikoi hutsa» da: «Edozer egin nahi du erraustegia inposatzeko». Horrez gain, katearen «azken mailari» begiratzen diola salatu du; «erretzeari», alegia.
Bilduk zabortegia ixteko konpromisoa erakutsi zuen, baina ez du «itxiera faltsua» emateko asmorik: «Ez dugu gipuzkoar guztion osasuna arriskuan jarriz itxi nahi, ez dugu erraustegi bat jarriz itxi nahi». Hori dela eta, koalizioak prozesu guztia hartu nahi du kontuan, eta lehen urratsetik hasi, «bilketari garrantzia emanez». Hala, bosgarren edukiontziaren erabilera indartuko dutela adierazi zuen Bilduko zinegotzi Alizia Osak, «bilketatik hasi, eta azken tratamendura arteko hondakinen politika arautua abiaraziz, Europako zuzentarauak betez, eta birziklatzea lehenetsiz». Horretarako, «sentsibilizazio kanpainak ez ezik, soluzioak» behar direla esan zuen.
Kudeaketa «negargarria»
Horren harira, EAJk egin duen hondakinen kudeaketa «negargarria» izan dela deritzo Bilduk: «Birziklatze, berrerabiltze eta murrizketa kanpainak hutsaren hurrengoak izan dira, eta diru gehiago gastatu dute kaioak uxatzeko belatzak erosten herritarrei hondakinak bereizten laguntzeko sentsibilizazio kanpainak abiarazten baino». Osaren arabera, bosgarren edukiontziaren apustua «testimoniala eta hutsala» izan da: «Zarautzen materia organikoa biltzeko ontzi marroiaz arduratzen diren kamioiak airea jasotzen ari dira, erabiltzaile kopuru oso txikia delako — 1.400 familia inguru—, eta edukiontziak gehienez ere laurdeneraino betetzen direlako». EAJri hondakinak bereizita biltzea ez zaiola interesatzen nabarmendu zuen Osak, «zer errea izan nahi duelako erraustegian».
Aralar-EBko bozeramaile Andoni Ibargurenek bat egin zuen Bilduren arrazoiketarekin: «Ingurumena eta osasuna kontuan hartu behar dira hondakinak kudeatzerakoan. Hori dela eta, Urtetako zabortegiaren itxiera luzatzea babesten dugu». Erraustegiaren alternatiba gisa proposamenak badaudela gogoratu zuen Ibargurenek, «kontzientziazioa eta birziklatzea», besteak beste.