Euskal Egile Gorenaren Saria jaso du Arantxa Urretabizkaia idazle eta kazetari donostiarrak. Mario Onaindia Fundazioak eman dio, politikariaren heriotzaren zortzigarren urteurreneko jardunaldien baitan. Saria eman aurretik, Felipe Juaristi kazetariak Euskal kultura zaharraren erronka berria hitzaldia eskaini du, Ramon Etxezarretak aurkeztuta.
Euskal kulturarekin, euskararekin, gizartearekin, eta orohar, bizitzarekin duen konpromisoagatik eman diote Urretabizkaiari saria, “merezi duelako”, Juaristiren hitzetan. “Meritoagatik baino, garaikidetasunagatik” jaso duela nabarmendu du idazleak. Horrez gain, OnaindiaK idazle gisa ”inbidia” ematen diola onartu du: “Nobela bat idazten ari zela, etxera etorri zitzaidan iritzi eske. 100 bat folio eta errotulagailu gorri bat jarri zizkidan mahai gainean, eta harekin nahi nuena egiteko eskatu. Zirriborro batzuk egin ostean bueltan eman nion eta handik astebetera beste 60 folio ingururekin azaldu zitzaidan. Hurrengo astean, berriz, beste hainbeste ekarri zizkidan. Haren oparotasunak ematen dit inbidia”. Berak eleberri bat idazteko hamar urte behar izaten dituela nabarmendu zuen:”Ea aurrerantzean hamar urtean baino zortzi urtean idazten dudan”.Eskaera bat eginez amaitu du agerraldia: “Askatasunaz hitz egin duzuenez eta aretoan boteredun jende asko dagoenez, eskakizun bat egin behar dut: nire herrian danborradan ateratzeko askatasuna izatea”.


