PSE-EEk Bilduren orain arteko jarduna “kezkagarritzat” jo du: “Hasiera oso txarra izan du, beldurtzekoa. Kargua hartu eta 100 egunetara horrela baldin bagaude, zalantza dugu jarraipena ona izango den”. PSE-EEko bozeramaile Patxi Elolak adierazi duenez, uztailean Bilduk “bere egitasmoa aurkeztu baino oposizioa iraintzen hasi” zela salatu du: “Egin gabe utzitakoa estali nahi du hala”. Horrez gain, PSE-EEk hasitako zenbait proiektu geldiarazi dituela nabarmendu du Elolak, saihesbidea kasu. “Proiektua idatzita dago eta horretarako partidak ezarrita”, gogoratu du. Saihesbidearen egitasmoa atzera botata, herriak 28 milioi euroko partida galduko duela esan du: “Ez dakigu zertara bideratuko duten diru hori; agian, errauskailua atzeratzeko erabiliko dute”.
Batzar Nagusietako arduradunek horren kostua kalkulatu dutela adierazi du PSE-EEko bozeramaileak: “Herritar bakoitzari 227 euro kostako zaio errauskailuaren proiektua atzeratzea, 5 milioi inguru, guztira”. Kalte ekonomikoaz gain, errauskailua ez eraikitzeak ingurumenari ere eragingo diola nabarmendu du PSE-EEko zinegotzi Gloria Vazquezek: “Erraustegia ez bada egiten, zabortegiak irekita mantendu beharko dira epe luzera, eta horrek kalte ekologiko larriak ekarriko ditu. Izan ere, inguruko herrietako hondakinak Zarautzera ekartzen jarraituko dute, eta agian San Markosekoa berriz ireki beharko da”. Bilduk “arduragabekeriaz” jokatu duela dio Vazquezek.
Bestalde, bidegorriaren egitasmoa ere ez duela abiatu salatu du zinegotziak: “Lan handia egin genuen aurreko legealdian proiektua ahalik eta lasterren martxan jartzeko. Enpresa batek proiektua idatzi zuen eta berau burutzeko diru-laguntzak lortu genituen. Lanekin hastea besterik ez da geratzen”. Vazquezen arabera, “bultzada politikoa” soilik falta da.
Informazio falta
“Udalaren egoera ekonomikoa larria dela aldarrikatu du Bilduk. Hala ere, herritarrei diru asko galaraziko dieten erabakiak hartzen ari dira”, salatu du Elolak. Haren arabera, “100 egunetan 33 milioi euro inguruko galera— bost milioi euro errauskailua geldiarazteagatik eta 28 milioi euro saihesbidearen proiektua bertan behera uzteagatik—sorrarazi” duela nabarmendu du: “Egoera kezkagarria da, benetan”.
Bestalde, “informazio falta” dutela salatu du: “Ez dakigu zein asmo duten. Ez digute inolako informaziorik eman eta kanpotik jakin behar izaten ditugu Udaleko kontuen nondik norakoak. Demokrazia ezarri zenetik ez da halakorik gertatu. Herritarrek gobernuaren asmoen berri izan behar dute, eta baita guk ere, gure atzean herritar asko baitaude”.
Atez atekoaren “inposaketa”
Pasa den asteazkenean onartu zituen Udalbatzak 2012ko ordenantza fiskalak, Bilduren eta Aralar-EBren babesarekin. PSE-EEk, PPk eta EAJk, aldiz, aurka bozkatu zuten. Bilduren arabera, orohar KPI Kontsumo Prezioaren Indizearen aldaketa aplikatu da zergetan eta tasetan. “Zenbait alorretan, ordea, ez da hala izan”, adierazi du Elolak.
Hondakinen gaineko zergaren kasuan, esaterako, bosgarren edukiontzia erabiltzen ez dutenek “bat-batean” iaz baino %20 gehiago ordaindu beharko dutela adierazi du: “Herritarrak bosgarren edukiontzia erabiltzera bultzatzea egoki ikusten dugu, baina lehenik eta behin hezi egin behar dira. Informazio gabe ezin da zerga bat igo”.
Hilerriaren zerbitzuaren gaineko tasa ere igo dutela gogoratu du; iaz baino %30 gehiago ordaindu beharko da zerga. Bestalde, ezkontzetarako-eta udalarenak diren espazioak erabiltzeagatik 115 euro kobratuko dutela nabarmendu du, iaz baino 54 euro gehiago. “Dirudienez, herri honetan hiltzea eta ezkontzea oso garestia izango da aurrerantzean”, esan du Elolak.
Era berean, industriagunetan atez ateko hondakinen bilketaren gaineko zergari KPIaren aldaketa aplikatu diotela adierazi du: “Gainera, atez atekoa izena jarri diote. Herritarrei, subliminalki, buruan sartu nahi diote termino hori. Hor soma daiteke nondik nora doan Bildu”. Ildo horretatik, atez ateko hondakin bilketa “inposatu” nahi duela salatu du Vazquezek, “herritarren borondatearen kontra”. Horren aurrean, PSE-EEk bosgarren edukiontziaren aldeko apustua egingo duela nabarmendu du, “birziklapena bultzatu behar baita”. Era berean, arazoari oinarritik egin behar zaiola aurre nabarmendu du: “Hondakinak murritu behar dira”.