Balentziaga museoko urriko pieza aurkeztuko dute igandean, museoa inauguratu zenetik hilero, lehen igandean, egin ohi dutenez. 1960eko hamarkadaren hasierako soineko bat izango da urriko jantzia. Igandean 12:30ean egingo dute euskarazko bisitaldia, eta 13:00etan, berriz, gaztelaniazkoa.
Aurkeztuko duten pieza Parisen (Frantzia) egin zuen Balentziagak, eta museotik hari buruzko xehetasun asko eman dute: “Staron etxe ospetsuaren ehunarekin, eta kontzeptualki aurreko hamarkadako mota horretako soinekoak ez bezalakoa da. Apaindura oro baztertuz, Balentziagak soineko dotorea egin zuen, tulipa-itxurakoa. Emaitza ondo proportzionaturiko soinekoa da, gorputzari ondo egokitzen zaiona, emakumezkoaren gorpuzkera nabarmenduz”.