Irailaren 23an epaitu zuten, Parisen, Itxaso Legorburu Orion bizi zen gasteiztarra. Bost urteko kartzela zigorra jarri dio epaileak, honakoa leporatuta: terrorismo asmoak dituen gaizkile erakunde bateko kide izatea, arma eta lehergailuak legez kanpo edukitzea, auto-matrikula faltsuak edukitzea eta lapurreta egin izana ezkutatzea.
Gauzak horrela, 2013rako beharko luke aske Itxasok. Dena dela, ostiralean epaitu zutenetik 10 egun zituzten helegitea aurkezteko, eta horren baitan, ezarritako zigorra txikiagoa edo handiagoa izan daiteke.
Horretaz gain, irailaren 23an bertan, Bilbon, Kukutza III gaztetxea eraistearen aurkako manifestaldian, beste oriotar bat, Aratz Madariaga, atxilotu zuten. Gaua Erandioko Ertzain-etxean eman ostean, larunbatean epailearen aurretik pasa eta karguekin aske geratu zen. Desordena publikoa, autoritateari erresistentzia eta autoritatearen aurkako atentatua leporatzen dizkiote gazte oriotarrari. Atxilotuek tratu txarrak, irainak eta kolpeak jasan zituztela adierazi zuen gazteak aske geratu zenean.