Urtetako zabortegia «lehenbailehen» ixteko eskatu du EAJk

Zarauzko Hitza 2011ko irailaren 29a

EAJk Urtetako zabortegia «lehenbailehen» ixteko eskatu zuen atzoko plenoan, mozio bidez. Horretarako, Udalak Urola Kostako Udal Elkarteari, Gipuzkoako Foru Aldundiari eta Gipuzkoako Hondakinen Partzuergoari «hondakinen tratamenturako aurreikusitako ...

EAJk Urtetako zabortegia «lehenbailehen» ixteko eskatu zuen atzoko plenoan, mozio bidez. Horretarako, Udalak Urola Kostako Udal Elkarteari, Gipuzkoako Foru Aldundiari eta Gipuzkoako Hondakinen Partzuergoari «hondakinen tratamenturako aurreikusitako azpiegitura guztiak martxan jarri, eta hartutako konpromiso guztiak bete ditzaten» eska diezaien proposatu zuen.
Zabortegiak «iraganeko instalazioak» direla nabarmendu zuen: «Europako Esparru Zuzentarauak finkatutako Europako Batasunaren hierarkian, zaborrak botatzea dauden aukeren artean azkenekoa da». Ondorioz, Zarautzen «luzamendu posiblerik ez» dagoela esan zuen: «Udalerrian eraikitako zabortegia gainezka dago, eta bereak egin du».
Horren ondorioz, «gure kale, etxe eta baserrietan zabortegi bat edukitzeak dakartzan kalteak eta eragozpenak pairatzen» dituztela gogoratu zuen.
Horren harira, kaltetutako eremua «lehenbailehen» berreskuratzeko asmoa agertu zuen, «nahiz eta hamarkadak beharkodiren zabortegia kontrolaturik mantentzeko». Hala, EAJk «hondakinen kudeaketa moderno eta jasangarri» baten aldeko apustua egin du: «Kiratsa besterik ez dakarten zabortegiak ahaztu nahi ditugu behingoz, eta hondakinen kudeaketa modernorako eta jasangarrirako pausoa eman nahi dugu». Prebentzioaren, birziklatzearen, konpostajearen eta hondakin gerakinaren balioztatze energetikoaren aldeko «apustu sendoa egin» behar dela azaldu zuen. Hala, Udalak Urola Kostako Udal Elkarteari eta Gipuzkoako Foru Aldundiari orain artean bezala horren alde lanean jarrai dezaten eska diezaien proposatu zuen EAJk: «Horrela posible izango da Foru Arauak hondakinen kudeaketaren esparruan ezarritako asmo handiko helburuak betetzea».

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide