Mikel Dorronsoro, Sanagustin kulturguneko sukaldaria: «Sukaldea finkatuta dagoenean hasiko gara ukitu sofistikatuekin»

Urola Kostako Hitza 2011ko ira. 29a, 10:47

«Sanagustin kulturgunearen proiektua asko gustatu zitzaidan, eta duela hiru aste heldu nion bertako sukaldeari», azaldu du Zarauzko bizilagun Mikel Dorronsoro sukaldariak (Zubieta, Donostia, 1977). Taberna duela hilabete eta erdi zabaldu zuten, baina jatetxearekin oraintsu hasi dira lanean. Pixkanaka-pixkanaka martxa hartzen ari direla adierazi du Dorronsorok: «Egia esan, nahiko ongi hartu gaituzte herrian, eta oso gustura gaude». Hilabetero, gainera, Azpeitiko Kultur Mahaiko bazkideen artean bi afari zozkatuko dituzte. Hona hemen biharko Hitzan argitaratuko den elkarrizketaren aurrerapena: Egun Sanagustingo sukaldean zabiltza, baina konta ezazu nondik nora ibili zaren orain arte. Donostiako El Txoko del Gourmet sukalde eskolan ikasi nuen.  Bi urte ikasketa trinkoa izan zen, eta, ondoren, Ferran Adriàren El Bulli jatetxean egin nituen praktikak. Sei hilabete irekita eta sei hilabete itxita lan egiten dutenez, denboraldi batez aritu nintzen haiekin. Gogorra izan zen, baina oso gustura aritu nintzen. Itzultzean, Zarauzko Otzarretan hasi nintzen lanean, eta bertan sei urte egin nituen. Ondoren, Orioko Aisia hoteleko jatetxean jardun nuen sukaldari nagusi bezala, eta duela gutxira arte hantxe aritu naiz. Beraz, geldirik ez naiz egon ikasketak bukatu nituenetik. Ze ildo jarraituko du Sanagustingo sukaldaritzak? Sukaldaritza klasikoa izango da gehien bat. Betiko platerak eskainiko ditugu hasiera batean, eta aurrera begira proposamen bereziagoak egiten joango gara. Sukaldea finkatuta dagoenean haiko gara ukitu sofistikatuekin eta halakoekin. Orduan, animatuko gara jendeari aurkezten.㸊

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide