Iñaki Gurrutxaga final laurdenetarako sailkatu da Gipuzkoako Bertsolari Txapelketan

Karkara.eus 2011ko irailaren 29a

Eibarko Coliseo Antzokian aritu zen final zortzirenetan

Gipuzkoako bertsolari txapelketan, final zortzirenetako hirugarren saioa Eibarko Coliseo antzokian jokatu zen asteburuan. Iñaki Gurrutxaga oriotarrarekin batera Jokin

Labayen, Felix Zubia, Ner...

Eibarko Coliseo Antzokian aritu zen final zortzirenetan

Gipuzkoako bertsolari txapelketan, final zortzirenetako hirugarren saioa Eibarko Coliseo antzokian jokatu zen asteburuan. Iñaki Gurrutxaga oriotarrarekin batera Jokin Labayen, Felix Zubia, Nerea Elustondo, Agin Rezola eta Iker Osa aritu ziren. Saioari gogoz ekin zioten bertsolariek lehenengo agurretan aretoaren eta Eibarko herriaren erreferentziak eginez.

Iparragirreren doinuan hasi zuten gero saio puntuagarria bertsolariek. Iñaki Gurrutxagak eta Jokin Labayenek aitona biloben paperean kantatu zuten; Jokin bilobak zahartzerik nahi ez zuela esan eta arrazoi txukunekin erantzun zion oriotarrak. 

Zortziko txikian umoretik jo eta saio biziak entzun ahal izan ziren. Iñaki Gurrutxaga Felix Zubiarekin aritu zen. Bikote hasiberria ziren Iñaki eta Felix eta Iñaki konturatzerako Felixek bere arropaz bete zion armairua. Arropak jantzi eta eranztearekin eta etxean bakarrik egotearen kontuarekin hitz joko politak egin zituzten.  Iñakik honela esan zion Felixi hasieran: Zure arropaz bete, dituzu goi ta behe/nahi badezu etxetik, joango naiz ni ere. Felixek hala segi zion: zuk aukeratu zazu gauetan ze jantzi/ta gero azkar edo poliki erantzi. Iñakik ziria probestu eta hark ere honela kantatu zion: aukeratuko nuke lenzeri gardena/baina bilatzea da gauzarik zailena.

Ondoren bakarka kantatu behar izan zuten. Lehen puntua emanda bina bertso osatzeko ariketan oso maila ona eman zuten eta oina emanda ere bertso sakonak eskaini zituzten. Epaia oina baliatu zuen Gurrutxagak Kukutza gaztetxeari buruz kantatzeko: eraits dezaten epaia/oraindik ere zutikan dago herri oso baten nahia, esanez. 

Zortziko handian bi adineko emakume zaintzen dituzten bi etorkinen ahotik aritu ziren Iñaki Gurrutxaga eta Agin Rezolak eta ale politak utzi zituzten.

Kartzelako saioan honakoa zuten gaia bertsolariek: Askotan pentsatu izan duzu, noiz hilko ote da? Iñaki Gurrutxagak Manuel Lasarteri bota zizkion hiru bertso eta amona eta eutanasiari buruz kantatu zuten gainontzekoek bakoitzak bere bidea aukeratuz: minbizia, istripuan ezindutakoa edo norbere burua.

Gurrutxaga aurrera

Saioa amaituta Nerea Elustondok eskuratu zuen puntu gehien eta final laurdenetara zuzenean sailkatu da, baina gainontzekoek ere puntuazio altua lortu zuten, Iñaki Gurrutxagak kasurako. Bigarren izan arren, 495,5 puntu jaso zituen eta une honetan puntuazioz pasatzen direnen artean lehenengo dago. Falta diren final zortzirenetan kantatzeko geratzen direnak hurrengo faserako dauden lekuak baino gutxiago direnez, Iñaki Gurrutxaga seguru da final laurdenetan.

Xabier Sukia eta Ibai Esoain bigarren eta hirugarren izan ziren Azkoitiko saioan, baina puntuazio baxua izan zenez, beste saioetan gertatzen denaren zain egon beharko dute biek aurrera egingo duten ala ez jakiteko.

Egoitz Eizagirrek, berriz, urriaren 1ean, larunbatean, kantatuko du Elgoibarko Herriko Antzokian Oier Aizpurua, Mikel Arrillaga, Unai Gaztelumendi, Joxe Munduate eta Jokin Urangarekin. Saioa 17:30ean izango da Herriko Antzokian.

Hona hemen Eibarko bideoa saioko hainbat bertso esanguratsurekin:

 

Sukia eta Esoainen Azkoitiko saioko bideoa ere zintzilikatu berri dute G-puntuko arduradunek, honatx:

 

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide