Aldundiari saihesbidearen proiektua berraztertzeko eskatuko dio Udalak

Zarauzko Hitza 2011ko irailaren 27a

Gipuzkoako Foru Aldundiari Zarauzko sahiesbidearen proiektua berraztertzeko eskatuko dio Udalak. Herenegun hartu zuen udalbatzak erabakia, ezohiko plenoan. Aralar-EBren eta Bilduren aldeko botoekin onartu zuten azken horren idatzia. PSE-EEk eta EAJk, berriz, kontra bozkatu zuten. Biek ala biek saihesbidearen proiektua bertan behera ez uzteko eta Aldundiak esleipenekin jarrai dezala eskatu zuten. PPko zinegotziak ez zuen ezohiko batzarrean parte hartu. Aldundiak saihesbidearen proiektuan egindako geldialdia egitasmoa berraztertzeko «aukera ona» dela nabarmendu zuen Eider Illarramendik, Bilduko zinegotziak: «Egoera ekonomiko larri honen aurrean, Aldundiak beste proiektu batzuk lehenetsi ditu, eta Zarauzko saihesbidea geldialdi teknikoan utzi. N-634a sahiestea ezinbestekoa eta presazkoa izanik ere, Foru Aldundiaren geldialdia aukera bezala ikusten dugu proiektua berriz aztertu, garaian aurkezturiko helegiteak aintzat hartu, eta garai honetarako egokia izan daitekeen alternatiba erreal bat bilatu eta proiektatzeko». Bilduko zinegotziaren esanetan, berrazterketan Udalaren babes osoa izango du Aldundiak: «Baina ez genuke ahaztu nahi garrantzia handikoa dela Bidegiren elkarlaguntza ere, etorkizun hurbilean egitekoa den hirugarren erreia sahiesbide bezala erabiltzeko aukera aztertzeko, Azken Portu Goiko auzoko herritarren kexuei irtenbidea emateko, eta hirigune guztian soinuaren kontrako panelak jartzeko». XXI.mendeko harresia Bilduk saihesbidea «XXI. mendeko harresi erraldoi bilakatzea kezkagarritzat» jo du: «Herria bi zatitan bereiziko du. Hori gutxi balitz bezala, arazo bat konpontzeko bi sortuko lituzke. Oraingo [...]

Gipuzkoako Foru Aldundiari Zarauzko sahiesbidearen proiektua berraztertzeko eskatuko dio Udalak. Herenegun hartu zuen udalbatzak erabakia, ezohiko plenoan. Aralar-EBren eta Bilduren aldeko botoekin onartu zuten azken horren idatzia. PSE-EEk eta EAJk, berriz, kontra bozkatu zuten. Biek ala biek saihesbidearen proiektua bertan behera ez uzteko eta Aldundiak esleipenekin jarrai dezala eskatu zuten. PPko zinegotziak ez zuen ezohiko batzarrean parte hartu.
Aldundiak saihesbidearen proiektuan egindako geldialdia egitasmoa berraztertzeko «aukera ona» dela nabarmendu zuen Eider Illarramendik, Bilduko zinegotziak: «Egoera ekonomiko larri honen aurrean, Aldundiak beste proiektu batzuk lehenetsi ditu, eta Zarauzko saihesbidea geldialdi teknikoan utzi. N-634a sahiestea ezinbestekoa eta presazkoa izanik ere, Foru Aldundiaren geldialdia aukera bezala ikusten dugu proiektua berriz aztertu, garaian aurkezturiko helegiteak aintzat hartu, eta garai honetarako egokia izan daitekeen alternatiba erreal bat bilatu eta proiektatzeko». Bilduko zinegotziaren esanetan, berrazterketan Udalaren babes osoa izango du Aldundiak: «Baina ez genuke ahaztu nahi garrantzia handikoa dela Bidegiren elkarlaguntza ere, etorkizun hurbilean egitekoa den hirugarren erreia sahiesbide bezala erabiltzeko aukera aztertzeko, Azken Portu Goiko auzoko herritarren kexuei irtenbidea emateko, eta hirigune guztian soinuaren kontrako panelak jartzeko».
XXI.mendeko harresia
Bilduk saihesbidea «XXI. mendeko harresi erraldoi bilakatzea kezkagarritzat» jo du: «Herria bi zatitan bereiziko du. Hori gutxi balitz bezala, arazo bat konpontzeko bi sortuko lituzke. Oraingo obra partzialki burutzeak Azpeitia bideko errepidea kolapsatuko luke batetik; eta bestetik, bigarren fasean tunela eraikitzeak, ekonomikoki ez ezik, ingurumenari dagokionez ere sekulako kostua izango luke. Hori bideraezina da egungo testuinguru ekonomikoan».
Era berean, koalizioak «lehentasunezkotzat» jo du Nafarroa etorbidetik igarotzen den N-634 errepideari irtenbidea ematea. Ildo horretatik, errepidea herri erditik igarotzeak herritarrei eragiten dion kaltea «begi bistakoa» denez, proiektu alternatiboa «lehenbailehen» abiarazteko eskatuko diote Aldundiari: «Ditugun baliabideetatik abiatuta—A8 errepidea—, eman beharreko irtenbideak deskribatuta —N-634ko igarobidea Nafarroa kaletik atera eta Errotaberriri irteera eman— eta garaian herritarrek aurkeztutako helegiteak eta etorkizuenan aurkez ditzaketenak kontuan harturik, Aldundiari geldialdi teknikoa saihesbidearen proiektua parte-hartze prozesu baten bidez berraztertzeko balia dezala eskatzen diogu».
Hala, legealdia amaitu aurretik bideratuta edo bideratze beharrean egon beharko lukeela nabarmendu zuen Illarramendik.
28 milioi euroko galera
Aralar-EBk Bilduren proposamenarekin bat egin zuen. «Bere garaian identifikatutako arazoak gaur egun presente daude proiektuan», nabarmendu zuen koalizioko bozeramaile Andoni Ibargurenek: «Funtzionalitate aldetik, ez dio irtenbidea ematen trafikoari. Ingurumenari dagokionez, berriz, lur okupazio handiak eta bi biribilguneak erakitzeak kalte handiak sortuko ditu». Hori dela eta, Aldundiari proiektua berraztertzeko eskatzearekin ados agertu zen Aralar-EB. Bidegirekin elkarlanean aritzea «garrantzitsua» dela adierazi zuen, «arazoei irtenbidea emate aldera».
EAJko bozeramaile Imanol Lasak saihesbidea eraikitzeak, trafikoa bideratzeaz gain, sustapen ekonomikoa ekarriko duela esan zuen, eta, beraz, proiektu estrategikoa dela. «Proiektua berraztertzen bada, beste legealdi bat eta dagoeneko egitasmoa gauzatzeko erabilitako 28 milioi euroak galduko ditugu», gehitu zuen.
PSE-EEko bozeramaile Patxi Elolak bat egin zuen Lasarekin: «Aldundiak saihesbidea burutzeko nahikoa diru badu; ez dadila hasi orain beste lehentasunak dituela esanez». Ondorioz, Bilduren idatziarekin ez datorrela bat nabarmendu zuen Elolak.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide