Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Garbitaniak, Zero Zabor filosofia ezartzeko enpresei eta erakundeei laguntza ematen dion erakundeak, Zumaian sortzen eta biltzen diren hondakinak aztertu ditu azken hilabeteetan. Gaur jakinaraziko die ikerketaren emaitzak herritarrei.
Zumaiako Udalaren enkarguz egin dute ikerketa, eta, besteak beste, herriko gaur egungo zabor bilketa eta atez ateko sistema alderatu ditu. Ikerketa eskuartean dutela, atez ateko bilketa Zumaian «bideragarria» dela ondorioztatu dute arduradunek, bai «teknikoki», baita «ekonomikoki» ere.
Egun, krisi egoeran, «baliabideak zainduko dituen» sistema baten beharra nabarmendu du Zumaiako Udalak. Zentzu horretan, hondakinak kudeatzeko
«kutsagarriak ez diren metodoak» ditu helburu, «negutegi efektua sortzen duten gasak saihesteko».
Garbitaniako teknikariek eta Zumaiako Udaleko ingurumen arduradunek sakonduko dute azterketako emaitzetan, gaur arratsaldean, 19:00etan, Forondan. Emaitzak azaltzearekin batera, «gaur egun jendartean hondakinen kudeaketaren inguruan dagoen eztabaidarako eta hausnarketarako informazioa ematea» dutela helburua nabarmendu dute arduradunek.